Bazterrak nahasten dabilen bakarra Irungo alderdi sozialista da (EH BILDUren erantzuna Paez jaunari‏)

Irungo EH Bildu.- 20 urte luze pasa dira Plaiaundiko kirol instalazioak Plaiaundi Parke ekologikoaren eremutik atera behar zirela. 20 urte horietan PSOE egon da Irungo udal gobernuan, urte luze horien lekuko dira gaur egungo PSOEren zinegotzi batzuk, eta ez dute inolako urratsik eman. Azken urte hauetan alderdi honek berak kokaleku berria Zubieta proposatu izan du eta plan orokorrean bertan ere hori defendatu eta onartu egin da.

Baina zer egin du benetan PSOE-k Plaiaundin dauden kirol instalazioak Plaiaundiko parke ekologikotik ateratzeko? Zer egin du PSOE-k Irungo herriak behar dituen kirol instalazio horiek eraikitzeko? Ezer ere ez.

Egin duen bakarra gauzak atzeratzea eta bazterrak nahastea izan da. Ezin dugu ahaztu PSOE gobernuan egon den bitartean Europatik, kirol instalazioak Plaiaunditik kentzeko etorritako diru laguntza galdu egin zela, eta berriro diogu, hortxe zeuden, udal gobernuan, PSOEren oraingo zinegotzi batzuk. Kokaleku berriaren inguruko eztabaida luzatzearen erantzule bakarra Irungo alderdi sozialista da. Eta orain EH Bilduri leporatzen digu bazterrak nahastea. Zorroztasuna eta seriostasuna PSOE-k eduki beharko lukeena da eta ez du urte hauetan guztietan hori erakutsi. Hauxe dugu PSOEren eraginkortasunik ezaren adibidetako bat.

Egia da, 2011 urteko hauteskundeen testuinguruan eta programan kirol instalazioen kokaleku berria Zubietan aurreikusten genuela. Baina luze eta zabal hausnartu eta aztertu ondoren, eremu hori egokiena ez dela ondorioztatu dugu. Argudio eta arrazoi pila ditugu kokalekua aldatzeko; irisgarritasuna, auzoek duten behar batzuei erantzuna, beste herri bateko lurrak direla, ZEC dekretuak markatzen digun epeetan (4 urteetan) ezinezkoa dela eraikitzea, 10 urtetik behin eremua urpean geratzen dela,…

Eta guzti honen aurrean kokaleku berri bezala San Miguel Anaka planteatu dugu, Zubieta alde batera utzi dugu ez dugulako uste egingarria denik eta gure ustetan ez delako gune egokiena. Gainera, gogoratu nahi dugu, kirol instalazioen kokaleku berriaren erabakia herri galdeketa baten bitartez egitea proposatu dugula, herriak eduki behar baitu halako erabakiak hartzeko ahalmena.

Amaitzeko, alderdi sozialistari eta udal gobernuari eskatuko genieke horren ziur baldin badute Zubieta egingarria dela jar dezatela mahai gainean zergatik ez duten orain arte ezer egin, azaldu dezatela zer aurreikuspen dituzten denboran, inor engainatu gabe.

Etiquetas: