Villalabeitiaren soldata iraingarria da

fotoKaleratzeak STOP eta IRPH STOP elkarteen ustez Kutxabankeko presidentearen soldata iraingarria da

“Nor izan den” galdetu eta kontrol publiko eta soziala exijitzen dute

Gipuzkoako Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop elkarteek Kutxabankeko presidente den Gregrio Villalabeitiak soldata %73 igo eta 800.000 euro irabaztea guztiz onartezina dela uste dute. Soldata iraingarria da fede oneko zordunekin guztiz gupidagabea den entitate batetan, etxebizitza ordainetan hartu eta alokairu soziala sistematikoki baztertu eta erakunde publiko eta epaitegietatik jasotako deiei entzungor eginda IRPH indizea aplikatzen jarraitzen duen banketxe batetan hain zuzen ere.

Kutxabankeko presidenteak egunean 2.000 euro baino gehiago irabazten ditu. Antzeko kopuru batengatik Kutxabankek Lorena eta bere alaba beraien babes ofizialeko etxebizitzatik kaleratzea eskatu zuen.

Gainera, azpimarratzekoa da Gasteizko gobernuak esateko ezer ez duela adierazi izanak, beraiek ez direla presidenteari soldata igo diotenak. Galdera honakoa da: nor izan da? Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarroi, gure aurrezki, soldata eta pentsioekin orain banku-fundazio diren Aurrezki Kutxak sortu genituenoi inork ez digu galdetu. Banketxearen administrazio kontseiluak proposatu omen du, eta hiru banku-fundazioetako kideek berretsiko dute, guztiak ere PNV, PSE, PP eta CCOO-k izendatuak, eta inolako kontrol sozialik ez dutenak.

Burtsara irteteko bidean soldata igotzeko ez da dirurik falta, baina bai gizarte ekintzarako edota familia, pyme eta autonomoei maileguak emateko orduan. Noren eskutan dago Kutxabank? Ez behintzat bere benetako jabea den herriaren eskutan.

Horregatik da beharrezkoa pribatizazioaren bidean eginiko urratsak desegitea eta bere kontrol publiko, demokratiko eta soziala bermatzea.

Bai, ahal da.

Etiquetas: