Bidasoa Kirol Elkarteak entitatean aurrera daraman euskararen erabilera normalizatzeko planaren balantzea egin du

Amenabarreko zarauztarrei irabazi izanak utzitako aho zapore gozoarekin Bidasoako presidenteak, Jose Angel Sodupek, klubeko euskara arduradunak lagunduta, prentsaurrekoa eman zuen entitatearen euskararen erabilera normalizatzeko planaren balantzea egiteko.

1962tik Jose Miguel Arana presidentearen gidaritzapean eta Jose Antonio Apeztegia entrenatzaile zituela kluba sortu zenetik une oso gozoak bizi izan ditu entitateak; 80 eta 90eko hamarkadetan Irun munduko mapan jartzea lortu zuen Bidasoak bere kirol lorpenekin, baina momentu latzak ere bizi izan ditu milurteko berriarekin edo 2006-2007 denboraldian, Asobali uko egin behar izan zitzaionean.

2007tik, ordea, kluba asko aldatu da Soduperen ustez. Klubaren egoera ekonomikoa hobetu da eta 3 talde federatu izatetik 16 talde izatera (tartean nesken taldeak) pasa da. Gainera, hirian babes zabala du. Errotiko aldaketa horietako bat da taldeak euskararen erabileraren normalizazioarekiko duen konpromisoa.

Bidasoa Eskubaloi Taldeko euskara arduradunak, Aritz Sodupek, azaldu zuenez, egindako ibilbidearen abiapuntua 2008an Irungo Udalaren enkarguz SIADECO enpresak entitatean egin zuen diagnostikoa da. Bidasoa Kirol Elkartean euskararen erabilera sustatzeko egitasmoa. Diagnostikoa eta Hizkuntza-Plana
izenburupean, Bidasoa Eskubaloi Taldean euskararen erabilera areagotzeko helburu batzuk zedarritzen zituen eta horiek denak, Soduperen esanetan, bete dira. Klubeko arduradunaren aburuz, taldeko eragileen euskararekiko motibazioa eta sentsibilizazioa landu da, haur eta gazteek parte hartzen duten jardueretan euskararen erabilera bermatzen da, harrobiko taldeetan eta oinarrizko kirol jardunean euskararen erabilera sustatzen da (entrenamenduetan, partidetan, teknifikazio saioetan...), bulegoko lanez arduratzen diren langileak euskaraz badute gaitasun aski, klubaren irudi korporatiboan eta hizkuntza-paisaian euskararen presentzia bermatzen da eta, oro har, Bidasoa Kirol Elkarteko idatzizko eta ahozko harremanetan, euskararen presentzia bermatzen da.

Aritz Sodupek banan-banan aurkeztu zituen Bidasoan euskararen erabilera indartzeko aurrera eramandako ekinbideak eta berritu den junta egiten ari den ahalegina azpimarratu zuen, bai bere barne funtzionamendua euskalduntzen bai eta harrobiko taldeetako hizkuntz diagnostiko zehatzetatik abiatuta euskararen erabilera indartzeko estrategia zehatzak definitzen ere. Horretaz gainera, aktibitatea euskara hutsez bideratzen da oinarrizko kirolean, eskola kirolean eta udako campusean eta euskararen presentzia zaintzen da klubaren kirol eta aisia aktibitateetan bai eta agerpen publiko orotan ere.

Prentsaurrekoan Irungo Udaleko Euskara Ordezkaria Fernando San Martin eta udal Euskara Arloko zuzendaria, Iban Eguzkitza egon ziren Bidasoako ordezkariekin. Hauen esanetan, ekimen hau KALEAN BAI Planarekin lotu behar da, izan ere, Plan honen bitartez Irungo Udalak Irungo entitateetan euskararen erabilera suspertu nahi baitu, bereziki haur eta gazteei begira jarduerak antolatzen dituzten elkarte edo entitateetan.

Helburu horri begira, San Martinek euskararen erabilera sustatu nahi duten elkarteek balia ditzaketen zerbitzuez jardun zuen. Hala nola, doako itzulpen zerbitzua, aholkularitza-zuzenketa zerbitzua, aurkezle eta hezitzaile poltsa, diru-laguntzak, etab. Euskara Arloko zuzendariak, bestalde, azpimarratu zuen aisian eta kirolean Irungo irakaskuntza zentroetan euskararen erabilera suspertzeko egiten ari diren ahaleginari jarraipena emateak duen garrantzia eta Bidasoa Eskubaloi Taldearen jarrera goraipatu zuen.

Hala ere, Bidasoak haratago joan nahi du euskararen erabileraren normalizazioan eta horren adibide garbiak dira hemendik aurrera martxan jarri asmo dituenak: lehenengo taldeko jokalarientzat euskara eskolak, euskaraz prestatu duen eskubaloiaren hiztegi terminologikoa berandu baino lehen klubaren web orrian zintzilikatuko du, web orria bera elebiduntzen joateko urratsak emango dira eta ereserkia euskaraz ere jartzea aztertzen ari da zuzendaritza. Urrats txikiak asmo handiei begira...

Etiquetas: