Bertsozale, bi zita astebururako

Irunabar.- Martxoko Kabigorriko bertso-gauaren bezperan, astebururako beste bi ziten berri ematera gatozkizue oraingoan.

Alde batetik datorren larunbatean, martxoak 5, Hendaiako Gazte Egunaren baitan antolatutako bertso-bazkaria dugu. 14:00etan hasiko da bazkaria Hendaiako Kaserna Zaharrean eta Odei Barroso, Miren Artetxe eta Egoitz Zelaia izango dira kantuan ariko diren bertsolariak. Hendaitz Gazte Asanbladak antolatu du ekitaldi hau (egun osoko programa bezala), eta bazkarirako txartelak 10€-ren truke eskura daitezke.

Bestalde, datorren igandean Biriatuko Ikastolaren alde antolatutako bertso-saioaren berri ere eman nahiko genizueke. Esan bezala, saioa martxoaren 6an izango da, Biriatuko elizan, 17:00etan hasita. Bertan kantuan Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Jon Maia ariko dira, eta Aimar Karrikak egingo ditu gai-jartzaile lanak. Sarrerak 8€-tan daude salgai.

Beraz, han edo hemen elkar ikusiko dugulakoan, ongi izan.

Etiquetas: