Zerbitzuen munizipalizazioa bai, lanpostuen defentsa ere bai!

Errenteriko TAO.jpgErrenteriako T.A.O-ko langileak.- Dagoeneko ezaguna den bezala, Errenteriako udal gobernua osatzen duten EH Bildu eta Irabaziz-ek T.A.O zerbitzua munizipalizatzeko erabaki hartu dute. 25 urtez esku pribatuen gestiopean egondako zerbitzua udalak kudeatuko du urtarriletik aurrera. Honaino, hala esanda, dena ondo. Baina non sortzen da arazoa? Non dago gatazka? Ba hona hemen gakoa: orain arte eskeinitako zerbitzuaren atzean pertsonak gaude, urte luzez lanean eta borrokan jardun dugun langileak, eta hala den heinean ezin uler daiteke nola udal gobernu batek halako erabakia har dezaken langileon lanpostuen mantentzea bermatu gabe.

Azpikontratatutako zerbitzu honetan lanean hasi ginenean lan baldintza kaxkarrak genituen eta urteetan egindako borrokaren ondorioz poliki poliki lan baldintza duinak lortzen joan gara. Orain, inplikazio eta borrokaren poderioz baldintza onetan lan egitea lortu dugunean, batzuek diote pribilegiatuak garela, noizbait norbaitek hemen jarri gintuela etab. Kuriosoa da herriko zenbait sektoreetatik halako mezuak entzutea. Nor da pribilegiatu? Eskubideak bermatzeari eta duintasuna izateari pribilegio esaten al zaio orain ezkerreko zenbait taldeetan? Batzuek beti defendatu dute esklabutza inongo maskararik gabe baina beste zanbaitengandik harriduraz harrapatzen gaitu guzti honek. Eta argi izan dezagun guztiok, noizbait zerbitzu hau sortu eta azpikontrata bidez gestionatzea erabaki bazen, edo eta jende konkretua lanean jartzea erabaki bazuten, langileok ez gara horren errudun. Momentuko politikariek hartutako erabakien arduradun bakarrak eurek dira. Beti bezala errazena langileok bata bestearen aurka jartzea da, horrekin dena irabazita dago. Kuriosoa baita ere adierazpena askatasunari nola jartzen zaizkion mugak mezua interesekoa ez bada, pankartak kendu, orri informatiboak apurtu...

Ez dezagun atentzioa beste puntuetara desbideratu, hemen daukagun egitate bakarra  langileok kale gorrian uzteko erabakia da, edo berdina dena, herriko jendea miserira kondenatzea!! Aukera desberdinak izanik, nola erabaki dezakete langileok alde batera uztea? Gustura jakingo genuke erabakiaren benetako intentzioa zein ote den. Badirudi postuak polizia gehiagorekin beteko direla baina ez dakiguna da sortu nahi diren lanpostu horiek zein baldintzetan sortzen diren. Badugu susmoa baldintza xumeagoetan sortuko direla. Posible ote da guztiaren atzean interes ekonomizista baino ez egotea? Hala izanez gero oso tristea izateaz gain larria ere bada sozialki zein humanoki. Hau al da herri hontako “ezkerra”?

Ez gaitezen engainatu. Gauzak beste era batera egin daitezke, eta zerbitzuaren rebertsioa ematen bada ere gure lanpostuak mantentzeko aukera egon, badago. Borondate politiko hutsa dago atzean. Begiratu baina ez dugu beste zenbait herrietan, antzeko prozesuak burutzerakoan bizi izan ditugun adibideak. Eta partidu politiko berek gestionatutako prozesuez ari gara.

Guzti honekin, jakinarazten dugu, datorren astelehenetik ostiralera greba deituta daukagula gure lanpostuen defentsan. Udalari eskatzen diogu, eseri dadila T.A.O-ko langileokin gure lanpostuak mantentzeko proposamenak entzun eta aurrera eramateko.  Beste herri batzuetan posible izan bada, zergaitik ez hemen?
Grebara goaz, bai, langile garelako, ez pribilegiatu.

Etiquetas: