AHTren aurkako Mugitu! Mugimenduaren ekintza

Atzo, abenduak 3, Xabierko Frantzisko eta Nafarroaren egunaren harira, Mugitu! Mugimenduak AHTrik gabeko Nafarroa aldarrikatu nahi izan du, non eta Xabierko gazteluan. Horretarako, ekintzaile bat gazteluko dorre nagusiko zolatik aurrealdera jauzi eginez, AHTaren aurkako bandera bat ezarri du denon erakusgarri. Bandera hau Italiako Val Susako AHTaren aurkako mugimenduarena da.

Hona hemen zabaldutako idazkia:
AHTRIK GABEKO NAFARROAREN ALDE
Aldaketarekin edo gabe, Madriletik zein Iruñetik, Nafarroan politika porlanzaleak ezartzen segitzen dute. Horren lekuko AHTa dugu; azpiegitura horren lanak, hiru urtez geldirik egon ondoren, Azkoien eta Erriberri artean berrabiatu dutelarik.

Behin eta berriz, azpiegitura suntsitzaile, xahutzaile eta klasista hau salatzen dugu, bere onuradun bakarrak eraikuntza enpresak, banketxeak eta politikari ustelak direlarik; kaltetuak, aldiz, beti bezala, herri xehea gara, eliteendako tren hau ordaintzen dugunak, eta lurra, azpiegitura honek sortzen duen erabateko erasoa pairatzen duena.

Abenduaren 3an, Nafarroaren egunez, Xabierko gaztelutik dei egiten dugu komunitate honetako inoizko azpiegitura garestiena eta suntsitzaileena borrokatzen eta desobeditzen segitzeko eta AHTrik gabeko Nafarroa aldarrikatzeko.

MUGITU! MUGIMENDUA

Etiquetas: