Arrakastaz amaitu da Bidasoa bizirik-ek eskainitako ostalaritza formazioa

Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, lanbide espezializaziorako bi ikastaro anotolatu dituzte, ostalaritza sektoreari zuzenduak. I eta II mailako sukaldaritza ikastaroak, eta taberna eta jatetxe zerbitzuetakoak dira, Irungo Ospitale Zaharreko tailerretan ematen direnak.

Bi ikastaroen helburu nagusia da ikasleei lan munduan murgiltzeko aukera gehiago eskaintzea. Kontuan hartu behar da lan txertatzearen maila oso altua dela ostalaritzaren sektorean. Zehazki, %79koa izan zen 2015 eta 2016 urteetan, I eta II mailako Sukaldaritza Ikastaroa amaitu zutenen artean.
Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidentearen arabera: “Konbentzituta gaude promozio hauek arrakastaz egokitu ahal izango direla ostalaritza establezimenduetara”.
Maria Serrano Bidasoa bizirik-eko kontseilariak ondorengoa erantsi du: “Ostalaritzak lan-txertatze maila altua eskaintzen du Irunen eta Hondarribian, eta parte hartzaileek lan aukerak eduki ditzaten espero dugu”.


Taberna eta Jatetxe Zerbitzuak
Taberna eta Jatetxe Zerbitzuetako ikastaroa I.go mailakoa da, azaroan hasi zen, eta otsailaren 15ean amaitu. Guztira 14 parte hartzaile egon dira, eta horietatik 7 praktiketan daude.

Nagusiki langabeei zuzendutako ikastaroa da. Kontuan hartu behar da ordu karga handia duela, eta zaila dela beste lanpostu batekin uztartzea. 2011n, jada, ikastaro hori burutu zen, eta berriro antolatu da aurten, oso zerbitzu profesionala eskatzen duten bezeroen kopurua handitzearekin batera. Sektoreko profesionalek ere gero eta konpetentzia gehiago dituzten langileak bilatzen dituzte.

Taberna eta Jatetxe Zerbitzuetako ikastaroko ikasleek formakuntza jasotzen dute, janariak eta edariak prestatzeko eta zerbitzatzeko, ostalaritza establezimendu ezberdinetan. Ikastaroa amaitzean, ikasleek I mailako ziurtagiri profesionala jasoko dute.

Zerbitzari laguntzaileak funtzio espezifikoak ditu, establezimenduaren arabera (jatetxea, taberna, kafetegia...) eta barrarekiko edo jantokiarekiko duen loturaren arabera. Edarien eta janarien zerbitzuaz arduratzen da zerbitzari laguntzailea jatetxeetan, bezeroen eskariei arreta eginez, zerbitzuaren kalitatea zainduz eta segurtasun eta higiene arauak betez.
Hermina Sanz ikastaroko irakasleak bere esperientzia azaldu du: “Taldea oso ona izan da, gaitasunak eskuratu dituzte, eta ostalaritzan behar den jarrera ere bai. Denek edo ia denek lan egin ahal izan dezaten espero dugu”.
Aurkezpenean, zenbait ikaslek ere parte hartu dute. Aintzane Sederok bere esperientzia kontatu du: “Praktikak egin ditudan lekuan geratu naiz lanean. Barrako enkargatu lanpostua eskaini didate, eta oso pozik nago”.

Sukaldaritza ikastaroa
Bestalde, II mailako sukaldaritza ikastaroa urrian hasi zen, eta maiatzaren 28an bukatuko da. 15 parte hartzaile daude bertan, eta klase teorikoak amaitzen dituztenean, praktikak egingo dituzte enpresetan.

Sukaldaritza ikastaroa prestatzeak garapen profesional zabala dakar, establezimendu gastronomikoaren eskaintzaren arabera, elikagaiak lantzeko, prestatzeko, gordetzeko eta aurkezteko formatzen ditu. Kalitate eta eraginkortasun erreferenteei arreta berezia eskaintzen zaie formazioan, eta modu zorrotzean aplikatzen dira elikadura establezimendu bati eska dakizkiokeen segurtasun eta higiene arauak.

Gainera, ikasleek II.mailako ziurtagiri profesionala jasoko dute. Bidasoa bizirik-ek antolatzen duen hirugarren sukaldaritza ikastaroa da azken hiru urteetan. Erabateko arrakasta izan du. Ikastaro teorikoaren ikas kargak 800 orduak gainditu ditu, ikasturte bateko epean.
Eli Segurado sukaldaritza ikastaroko irakasleak ondorengoa azaldu du: “Sukaldean era profesionalean lan egiteko prestatzen ditugu, taldean lan egiteko, bereziki. Gehienek lan egiteko aukera edukiko dute, nahi badute”.
Javier Etxebeste ikasleak bere esperientzia kontatu du: “Beti gustatu izan zait sukaldaritza, eta pozik nago nire nahiak bete direlako. Praktiketan hasteko ilusioz gaude”.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen ditu bi ikastaroak.

Ibilbidea
2014az geroztik, 8 formazio ikastaro eskaini dira ostalaritzaren eta turismoaren sektorean, 117 parte hartzailerekin. 2015 arte, sukaldaritzan eskaintzen zen formazio guztiak sukaldari laguntzailearen maila profesionala ahalbidetzen zuen. II mailako sukaldaritza ikastaroak, aldiz, formatzen jarraitzeko aukerak zabaldu ditu.

Kontuan hartu behar da 2015 urteaz geroztik II mailako ziurtagiri profesionalak emateko homologazioa duela Bidasoa bizirik-ek.

Etiquetas: