“Ibai izena duen eskualdea” margo lehiaketaren 3. edizioa

Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko partzuergoaren bidez, “Ibai izena duen eskualdea” margo lehiaketako oinarriak argitaratu dituzte. Egonkortutako lehiaketa da, hirugarren edizioa baitu.

Aurreko edizioetan bezala, espezializatutako epaimahaia egongo da, obra onena hautatuko duena. Aukeratutako lanak Bidasoko Interpretazio Zentroan erakutsiko dituzte. Gainera, 500 euroko sari metalikoa egongo da irabazlearentzat, iaz baino 100 euro gehiagokoa.

Aurten, landu beharreko gaia Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko eskualdean dauden mendi-bideak dira. Irun, Hondarribia edo Hendaiako mendi-bide bat agertu beharko da lanean, eraikinik gabe inguruan, eta oinezkoak agertzen direlarik.

Asmoa da badiako inguru naturalaren eta ondarearen balioa azpimarratzea. Lehen edizioan nazioarteko zubiak landu zituzten parte hartzaileek, eta Txingudiko padurak, bigarrenean.

Lehiaketan parte hartzeko bete beharrekoak
Adin nagusikoak izan beharko dira parte hartzaileak, ez dago bizitoki edo nazionalitateari dagokion mugarik, eta lan bakarra aurkeztu ahal izango du parte hartzaile bakoitzak. Uztailaren 27a baino lehen aurkeztu behar izango dira lanak, Bidasoko Interpretazio Zentroan (Aduanako eraikin zaharrean), asteartetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara, edo Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bulegoetan, bestela (Hendaia kalea, 8, Ducourau jauregia, Irun), astelehenetik ostiralera 8:30etatik 14:30etara, zubietan eta jai egunetan izan ezik.

Lehiaketako oinarriak irakur daitezke www.irunhondarribiahendaye.com web gunean.

Azken edizioak
Aurreko edizioan, 2017koan, 19 lan aurkeztu ziren, eta irabazlea Juan Carlos Arestiren “Ría de Jaizubia” obra izan zen. Bestalde, 2016ko edizioan, 27 obra aurkeztu ziren, eta Susana Ferreira Domínguez izan zen irabazlea, “Lo que el río vió” lanarekin. Bi obrak Bidasoko Interpretazio Zentroko erakusketa iraunkorrean ikus daitezke.

Etiquetas: