Hondarribiko udal langileak legezko iruzurrean

Gauza jakina dugu Hondarribiko Udalean pertsonal langilegoaren inguruan dugula arazo nabarmenetako bat. Aldiz, egoera ezberdinak mahai gainean jarri izan ditugun arren, bada jasangaitza den egoera  bat; euskaltegiko langilegoarena hain zuzen.
 
Aurreko urtean, 2017ko udaberrian, epai baten berri jakinarazi zitzaigun udal ordezkarioi. Bertan, euskaltegiko langile baten kaleratzearen helegitearen ondoren euskadiko arlo sozialeko epaitegiak ebatzitako 88/2017 sententziaz aritu ginen Hondarribiko Udalean alderdi politikoak, sindikatuak eta udal teknikariak. Sententzia honek langilea legez kanpo (“fraude de ley”) kontratatuta zegoela frogatutzat eman zuen.
 
Epaiak frogatutzat eman du aldi baterako, ikasturte baterako, kontratatzen diren langile hauek fraude egoeran kontratatzen direla eta konponbidea ere ezartzen du lehen adierazitako sententzian: “entiendo que nos encontramos ante un trabajador fijo-discontinuo”. Adierazi ere egiten du badaudela antzekoak diren beste egoera batzuetan antzeko sententziak jaso direla, hala nola, 2010eko uztailaren 6ko Euskadiko TSJren sententzia, 2010eko urtarrilaren 22an Asturiasko TSJren sententzia, 2014ko martxoaren 20ko Andaluziako TSJren sententzia, etab.
 
Abotsanitz Udal Taldeak hainbat batzordetan, zein idatzien bidez, egoera konpondu beharraz aritu izan da. Udalean legez kanpo kontratatuta egon daitezkeen langileen azterketa bat egitea proposatu izan du eta beraien egoera legediaren barne kokatu beharra adierazi nahi izan du. Nahiz eta euskaltegiko langile baten sententzia irmoa daukagun, Abotsanitzek 12-15 langile egoera berean egon daitezkeen ustea daukala adierazi du.
 
Bada, urtebete pasa den honetan, Udalaren aldetik ez da urratsik eman zein langile egon daitezkeen arauz kanpo kontratatuta, ezta euskaltegian bertan sententzia horretan adierazten den egoeran dauden beste 4 langileren kontratazioa egokitzeaz ere.
 
Oinarrizkoa da aipatzea Administrazio publikoak ez lukeela iruzur egoeran langilerik kontratatu behar. Arduragabekeria nabarmena da egoeraren jakitun izanik konponbiderako urratsik ez ematea.
 
Abotsanitz Udal Taldeak Hondarribiko Alkateari eta udal idazkariari idatzi bidez zera proposatzen die:
    a) Euskaltegiko langilegoaren kontratazio egoera urgentziaz konpon dezala. Honetarako, epaitegiaren sententzia kontuan harturik, obra kontratuta duten langileak “fijo-discontinuo” kontratura pasatzea, eta
    b) Udalean urte luzez aldi baterako kontratu bidez kontratatutako langileak iruzur egoeran egon daitezkeen azter dezala eta lehenbailehen egoera horiek konpon ditzala. 

Abotsanitz Udal Taldea

Etiquetas: