Gipuzkoako erresidentzietako langileek 5 greba egun egingo dituzte datozen azaroak 26tik 30ra bitartean

Sektoreko hitzarmenaren negoziazioak bere horretan jarraitzen du eta bi aste hauetan ez da inolako mugimendurik egon Gipuzkoako erresidentzietako mahai sektorialean. ELA sindikatutik patronala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu nahi ditugu. ADEGI, GAREN, LARES eta MATIA 2020 patronalek 2017 eta 2018rako soldaten izoztea planteatzen jarraitzen dute eta ez dute inolako urratsik ematen negoziaketan. Gipuzkoako Foru Aldundia, zerbitzuaren zuzeneko arduraduna izanik, ez da posizionatzen.

ELAk, mahaian gehiengo ordezkaritza izanik, duela 2 urte aurkeztu zuen Gipuzkoako adinekoen egoitzetako, eguneko zentruetako eta pisu tutelatuetako langileen lan baldintzak hobetuko zituen proposamena. Patronalaren estrategia denbora pasatzen uztea izan da eta azkeneko mahai sektorialean eginiko proposamenak hutsaren hurrengoak izan dira. ELAtik argi daukagu zeintzuk diren gure minimoak: 2017 eta 2018rako soldata igoerak jaso behar ditu akordioak eta nola ez, sektoreko hitzarmen hori enpresetan jasota geratu behar da. ELAk 2017ko urtarriletik darama honetan urratsak eman nahian, baina patronalak puntu berean jarraitzen du.

Negoziazioaren egoera onartezintzat jotzen dugu ELAtik, eta erantzun serioak eskatzen dizkiogu bai Aldundiari, baita patronalei ere, behingoz aurrerapausuak eman ditzagun. Langileen aldarrikapen nagusienak: hobekuntza ekonomikoak (soldata igoerak, plusen igoerak…), 20 minutuko atsedenaldi ordainduak, lanaldien normalizazioa, ratioen hobekuntza zerbitzuaren kalitatea bera bermatuz, norberaren zereginetarako egunak, gaixo egoteagatik penalizaziorik ez jasotzea, 60 urtetik gorako langileentzat erraztasunak, hobekuntza sozialak….

Halaber, ezin dugu ahaztu gatazka honen erdigunean sektore feminizatu baten duintasuna dagoela. Oraindik ere emakume eta gizonen arteko soldata arrakala ezabatzeko bidea luzea da, eta erakunde publikoek horretan urratsak eman nahi badituzte, orain da momentua. Bitartean, zaintza lanak erdigunera eramateko borrokan jarraituko dugu.

Argudio hauek guztiak medio ELAtik langile kolektibo guztia greba egitera animatzen dugu eta baita, eskualde bakoitzean deitutako mobilizazioetan parte hartzera ere.

Egitaraua:
 - azaroak 26 kontzentrazioa Txara 1,
 - azaroak 27 kontzentrazioa Biharko eguneko zentroa ( Olibet-Orereta)
 - azaroak 28 Kontzentrazio zaratatsua Paseo Colon Irun
 - azaroak 29 Kontzentrazioa Sanmarkosene egoitzan
 - azaroak 30 Kontzentrazioa Foru Aldundian ( zita guztiak 11:30etan)

Etiquetas: