Bi txapelketatan parte hartuko du Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko futbol selekzioak Aste Santuan

6241697440_IMG_2139Hendaiako Les Englantins elkarteak antolatzen duen Pâques txapelketan parte hartuko dute 2005an jaiotakoek

2004an jaiotakoak Landetxa K.E.k antolatzen duen Txingudiko Badia txapelketan ariko dira

Hendaiako Les Englantins elkarteak antolatzen duen Pâques txapelketan parte hartuko du Bidasoa-Txingudi selekzioak, martxoaren 31n eta apirilaren 1 eta 2an. Irun, Hondarribia eta Hendaiako jokalariak ditu selekzioak, eta Bidasoa Txingudi mugaz gaindiko partzuergoaren babesa jasotzen du. 2005ean jaiotako 12 haurrek parte hartuko dute, Hendaiako Ondarraitz estadioan jokatzen den maila handiko txapelketa horretan. 32 talde ariko dira guztira, haien artean, Real Sociedad, Lengokoak, Angelu edo Arbona.

Bidasoa-Txingudi H multzoan egongo da, SPUC, Urnieta eta Villambrad taldeekin batera.

Lehiaketa hori prestatzeko asmoz, lagunartekoak jokatu ditu selekzioak. Martxoaren 19an Real Unioneko lehen mailako infantilen kontra aritu zen, eta martxoaren 27an, Iparraldeko Real Sociedad taldearen kontra.

Bigarren aldiz parte hartuko du Bidasoa-Txingudi selekzioak Pâques txapelketan. Iazko edizioan, 23 urtez azpiko taldeak garaipena lortu zuen.

Bestalde, 2004an jaiotako 16 haurrek, apirilaren 7 eta 8ko asteburuan, Landetxa K.E.k antolatzen duen Txingudiko Badia txapelketan parte hartuko dute. Lehiaketa horretan 12 talde ariko dira, horien artean, Real Union, Ermua, Euskalduna edo Baztan.

2005ean jaiotakoak bezala, hitzordu hori prestatzeko zenbait lagunarteko partida jokatu dituzte. Lehenengoa, Real Unioneko lehen mailako kadeteen kontra, eta bigarrena, Landetxako A kadetearen aurka.

Helburuak eta ibilbidea

Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko futbol selekzioa bakarra da Europan, eta Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako udalen babesa du, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez. Kirol zuzendaritza Realak darama.

Ondorengo helburuak ditu selekzioak: adin ezberdinetako haurrei elkarbizitza ahalbidetzea, hiru hirietako hizkuntzen hesiak kirolaren bidez gainditzea, mugaz gaindiko lankidetzaren ikur izatea, eta eskualdearen kanpo irudia indartzea.

Ricardo Gomez Dunboa-Eguzkiko presidentearen ekimenez sortu zen Bidasoa-Txingudi selekzioa, 2001 urtean, Irungo Lopez-Ufarte txapelketa famatuan parte hartzeko. Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako kirol kluben parte hartzearekin, arrakasta izan zuen proposamenak.

Bi urtez segidan aritu zen selekzioa lehiaketa horretan, baina ez zuen jarraipenik eduki, jarduerak sustatzen jarraitzeko moduko berezko egiturarik ez zuelako.

2014an, eskualdeko klubek ekimenari berriro heltzea erabaki zuten. Txingudi futbol selekzioa sustatzeko protokoloa sinatu zuten klubek, lehiaketa ezberdinetan eskualdeko futbolaren irudi izan dadin.

Etiquetas: