Koalizioak 70 lagun bildu ditu Palmera Monteron egindako ekitaldian
EH Bilduk 70 lagun elkartu dituen ekitaldia egin du gaur arratsaldean Palmera Montero gunean. Bertan Jokin Melida, Juan Karlos Izagirre eta Jon Iñarrituk hartu dute parte.
Irungo alkategaia den Jokin Melida izan da hitza hartzen lehena. Bere hitzaldia Irunen eman zen PSE eta EAJren arteko gobernuaren haustura gogoratuz hasi du, gobernu hura “proiekturik ez zuen eserleku trukea” zela adieraziz. Gobernua hautsi zenean, aldiz, “garai berri bat, eszenario berri bat ireki zen, momentu horretan herritarrek ikusi baitzuten Irunen beste gobernu batzuk eman zitezkeela” esan du Melidak.
Gutxiengoan dagoen Irungo gobernua “noraezean doa, ez du proiekturik, ez du aurrekonturik eta paralisi egoera batean dago” adierazi du Melidak eta gobernuak funtzio guztia arlo komunikatiboan jartzen duela nabarmendu du. “Marketing eta photocall garaiak omen dira. Baina esan bezala, azpian inongo proiekturik ez dago.”
Honen aurrean, Melidak argi utzi du EH Bilduk “herritarrak politika guztien erdigunean” jartzen dituen proiektu sendoa duela. Hala, EH Bilduk “Irun auzoetatik eraiki mahi du, herritarrekin, behetik gora” esan du Irungo alkategaiak.
Horretarako, Irungo EH Bilduk “freskotasuna, gaztetasuna, esperientzia eta aniztasuna” uztartzen dituen taldea duela ziurtatu du Melidak, baita taldea “ilusioz eta konpromisoz” ari dela ere. “Irun maite dugu eta Irun maitatzeko 62.000 modu daudela sinesten dugu, eta ez, batzuek patrimonializatu nahi duten bakarra, zuri beltzez.”
Irungo alkategaiak gogoratu du duela urte batzuk Iruñean ez zela aldaketarako aukerarik ikusten, azkenean aldaketa eman zelarik. “Irunen ere aldaketa eman daiteke, eta konbentzimendu osoz esan dezakegu, Irunen irabaztera aterako garela.”
Jokin Melidaren ondoren, Juan Karlos Izagirre Ahaldun Nagusigaiak hartu du hitza. Izagirrek adierazi du EH Bilduk “proiekturik onena” duela “herritarrekin batera egiten dugulako” eta instituzioek herritarrek erabakitako proiektuak errespetatu behar dituztela esan du.
Gizarte arloaz ere mintzatu da Izagirre: “Onaldi epean” gizarte politiketan ematen ari diren murrizketak gogor salatu ditu eta argi utzi duenez “gurekin ez da horrelakorik pasako”.
Azken hizlaria Jon Iñarritu, Kongresurako Gipuzkoako hautagaia, izan da. Iñarrituk gogorarazi duenez, “Maroto Gasteizko udaletik bota genuen, xenofoboa delako”, eta nabarmendu duenez ”horregatik digute horrenbesteko beldurra, esaten duguna betetzen dugula dakitelako”.
Madrilen egotearen garrantziaz ere mintzatu da Iñarritu: “Aurkariak ez gaitu Madrilen ikusi nahi, eta hori, bertan egon behar dugun adierazle ona da”.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1202 irakurketak
- Castellano