Irungo EH Bildu: “Bidasoa KM 0 eskualdea eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu”

Rueda de prensa. EH Bildu apoya KM0Jokin Melida eta Joxe Cayetano Diezek azaldu dutenez, Olaberria bailaran hasiko da proiektuaren sorrera.

Irungo EH Bilduko Jokin Melida alkategaiak eta Joxe Cayetano Diez zinegotzi eta zerrendakideak (laugarrena da zerrendan) prentsaurrekoa eman dute Olaberria bailarako San Narciso jauregiaren ondoan.

Bertan, Melidak eta Diezek gogorarazi dute lehenengo sektorea dela Irungo ekonomian dagoen sektorerik abandonatuena. Datu zehatza eman dute ere: “azken 20 urteotan, sektore honetan aritzen diren irundarren kopurua erdira jaitsi da.” Irungo EH Bilduko ordezkariek argi dute lehengo sektoreak “potentzialitate handiak” dituela, baina horretarako “proposamen imajinatibo eta berritzaileak behar” direla esan dute. Eta adierazi dutenez, “Irungo EH Bilduk baditu proposamen horiek”.

Proposamen horietako baten berri eman du Diezek: “Bidasoa KM 0 eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu”. Olaberria bailaran hasiko da proiektuaren sorrera, zehaztu duenez. “Proiektu honen helburua oso zehatza da: Bertako ekoizpena sustatzea eta bertan kontsumitzeko kate ekonomikoak artikulatzea”.

Irungo EH Bilduk aurkeztutako proposamenean Bidasoa Biziriak garapen agentziak paper garrantzitsua jokatuko ldu, Diezek adierazi duenez: “Berari dagokio ekoizleen arteko lankidetza bideratzea, ager daitezkeen ekoizle berriei bidea erraztea, Irungo jantoki publikoak, sukaldeak, banatzaileak edota komertzioak ekoizleekin harremanetan jartzea eta salmentarako estrategiak eta proposamenak ahalbideratzea, eta irundarrak produktu hauen onuraz sentsibilizatzea “

Izan ere, Diezen arabera, proiektuak onura handiak ekarriko ditu: “Irundarrok elikagai sanoak, garaikoak eta bertakoak eskuratzeko aukera izango dugu, ohitura osasuntsuak sustatuko ditugu, merkataritza-harremanak justuagoak bermatuko ditugu eta lehenengo sektorean lanpostu duinak sortuko dira”

Azkenik, Diezek eta Melidak EH Bilduk azken urteotan Olaberriaren bailararen inguruan egiten ari den “lan serio eta sakonaren” baitan kokatu dute Bidasoa KM 0 eraikitzeko proposamena.

Etiquetas: