GKEen laguntzak berriro galzorian

argazkia: abotsanitz.eus

Abotsanitz.- Azaroaren 27an Gizarte Zerbitzuetako departamentuak oraindik ez du elkartasun laguntzen deialdia egin. Iaz bezala, Hondarribiko Udalaren finantzazioa espero duten Bidasoko Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) proiektuak arriskuan daude, eta arazoa gainditzeko oso denbora gutxi dago.

Deialdia ez bada berehala egiten, elkartasunera bideratutako hamarnaka mila euro galdu daitezke, eta eskualdeko erakundeak oso kaltetuta geratuko lirateke. Izan ere, proiektuak burutu ahal izateko ordainketak aurreratu behar izan dituzte, eta ez dute fakturak beste deialdietan aurkezteko aukerarik, dagoeneko itxita daudelako beste deialdi guztiak.

Joan den urtean antzerako zerbait gertatu zen, deialdia urria bukaeran egin zelako, eta ez udaberri-udan, ohikoa den bezala. Aurretik gainera, GKE gehienek 2018an arazoak izan zituzten, udalak diru-laguntzak jasotzeko irizpideak aldatu zituelako aurretik jakinarazi gabe. Gauzak gaizki egin diren hirugarren urtea da beraz, baina aurten egoera okerragoa da, atzerapen hain handiarekin diru-laguntzak galtzeko aukera oso handia delako.

Iaz egin genuen bezala, Abotsanitz Udal Taldeak laguntzeko prestutasuna agertu nahi dio Gotzone Larrarte departamentuko arduradunari. Edozertan laguntzeko prest gaude eskualdeko GKEen proiektuek espero duten laguntza jaso dezaten. Eta prestutasun hori erakutsi nahi diogu departamentuan dituzten beste zailtasunak arintzen laguntzeko ere.

Eta testuinguru honetan, keinua udal gobernu osoari zabaltzen diogu, asko direlako antzerako egoeran dauden gaiak: Covid-laguntzak, kirol eta kultur elkarteenak, Bordari eta Satarka lehiaketak, mugikortasunezko azpiegiturak, eta abar.

Gobernuz Kanpoko Erakundeen laguntzeiburuz

Abotsanitz Udal Taldeak Gobernuz Kanpoko Erakundeen laguntzen inguruan Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako departamentuak hartutako erabakiari erantzun nahi dio lerro hauen bitartez:

Prentsa ohar baten bidez jakin dugu udal gobernuak aurten GKEen laguntzen deialdia ez egitea erabaki duela. Horren ordez, datorren udaberrian bi urteetako gastuak aintzat hartuko dituen deialdia egingo duela adierazi du Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

Alde bakarreko erabaki hau ez da beste udal taldeekin partekatu, ezta deialdira aurkezten diren elkarte eta erakundeekin ere, ez da batzorde batetik pasa, ez plenotik, inondik ere ez. EAJren udal gobernuaren gardentasun ezaren beste adibide bat baino ez da.

Baina, gainera, aurtengo martxoan onartutako 2020-2023 urteetarako Diru-Laguntzen Plan Estrategikoaren kontra doa. Bertan adierazten da elkartasunezko diru-laguntzen deialdia ekaina baino lehen egin behar dela, eta abendua iritsi da eta ez da deialdirik egin, eta udal gobernuak erabaki du 2020an ez dela egingo. Beraz, udal akordioa urratzen du hartutako erabakiak.

Ez dugu ulertzen zer dela-eta errepikatu den 2018an eta 2019an gertatutakoa. Ez dugu ulertzen nola udal taldeok ez dugun honen inguruko inolako informaziorik jaso, ezta GKEek ere. Larrarte andereak azalpenak eman beharko lituzke. Birusak min handia eragin du, baina arazo hau 2018tik dator. Mila aldiz eskaini dugu laguntza, eta udal gobernuak inoiz ez du gure laguntza onartu.

Etiquetas: