LAIA aldizkari berria

azalaBdskoop.- Lerro hauen bidez, azken hilabeteetan landu dugun LAIA aldizkariaren lehen alea argitaratu dugula jakin arazi nahi dizugu.

BDS KOOP ekimenak aurrera daramatzan proiektuez hitz egiteko bide berria da LAIA aldizkaria. Pertsonak erdigunean dituen kooperatiba eta proiektu kolektiboen sarea josten lagunduko digun haria; baina batez ere, eskualdeko Ekonomia Sozial Eraldatzailea erakutsi eta ekonomia egiteko beste modu bat badagoela kontatzeko erabili nahi dugun tresna.

Ekonomiari buruzko aldizkari bat egin behar genuela erabaki genuenean, keinu arraroa geratu zitzaigun aurpegian. Ekonomia gaietan interesa badugu ere, zail egiten zaigu aldizkari ekonomikoak irakurtzea. Aurkitu dugun gehiena da serioa, zurruna, zaila…

Guzti honi itzuli bat eman, eta ekonomi gaiak erakargarriago egiten saiatzea erabaki genuen. Ez da planteamendu estetiko huts bat. Ez ditugu artikuluak marrazki politez bakarrik lagundu nahi. Gai erakargarriak bilatu nahi ditugu, berez, zurruna dirudien ekonomia bezalako gai bat jendartera zabaldu nahi dugu: hitz lauz azaldu, gai interesgarriak jorratu eta zuk eta nik ulertzeko modu batean idatzi. Hori guztia eta gainera itxuraz ere atseginagoa egin, erakargarria.

Zer da Ekonomia Sozial Eraldatzailea? Zer eragin izan du eskualdean Covid 19aren ondorioz jasandugun itxialdiak? Nola eragin digun etxealdiak? Ikasi al dugu zerbait? Guzti onek ba al du alternatibarik? Nola eragin dezakegu, geure txikitik, hau dena aldatzeko?

Galdera horiek egin dizkiogu geure buruari lehen ale hau osatzeko eta antzeko galderak egingo ditugu bigarren alea osatzeko; azken finean, hau dena aldatzea baita geure asmoa.

Elkarlanean, laiak lurrean sartu eta lurra irauli, ekonomia irauli.

Gure hasierako asmoa, lau hilabetean behin argitaratzea da, hiru ale urtean. BDS KOOP ekimenaren webgunean irakurgai izango bada ere, paperean argitaratuko dugu eta ARGIA eta IRUNERO aldizkariek esker, eskualdean banatuko dugu.

Web bertsioa HEMEN duzue ikusgai.

Etiquetas: