Abotsanitz.- 2015etik udal gobernuak ez ditu kaleratu indarkeria sexistaren datuak. Abotsanitz Herri Batzarrak Hondarribiko biolentzia kasuak jasotzen dituzten kartelak jartzen hasi zen atzo herrian zehar. 2018ko datuak dira, Segurtasun Sailak jaso eta Eustatek 2019ko maiatzean zabaldu zituenak (2019ko datuak oraindik ez dira ezagutzen).
Martxoaren 8a Emakumearen Eguna da, emakumearen eskubideak aldarrikatzeko eta borrokatzeko eguna. Eskubide horietako bat da genero indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea, eta horretarako ezinbestekoa deritzogu Hondarribian ere biolentzia sexista existitzen dela jakinaraztea. Udal gobernuak 2015etik datu hauek argitaratu ez dituenez, guk egitea erabaki dugu. Datu publikoak direlako, eta ezagutarazi behar direlako, indarkeria matxistari aurre egin nahi badiogu.
2018 urtean 29 indarkeria sexista kasu egon ziren Hondarribian: 22 bikote edo bikote ohi, 5 familia barrukoak, eta bi sexu indarkeria kasu. Datu larriak dira oso, lanketa irmoa eskatzen dutenak. Horregatik, Berdintasun Plana lantzen ari garen honetan, Hondarribiko Udalerako Berdintasun Teknikaria eta Berdintasun Arlo propioa aldarrikatzen ditugu, Abotsanitzek bere sorreratik eskatu duen bezala. Ezin baita honelako datuen kontra jardun, egitura sendo eta egonkorrik gabe. Oraindik garaiz gaude Berdintasun Planaren prozesuan parte hartu duten eragile gehienen eskaera hau dokumentuan txertatzeko.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 774 irakurketak
- Castellano