Autokarabanek herrian aparkatu dezaketela ebatzi du epaileak Hondarrribian

Señales en la parking de la playa de Hondarribia. (furgovw.org)Abotsanitz.- 2017ko irailean jarri zituen seinaleak EAJk, urtebete lehenago udalbatzak erabakitakoari muzin eginez.

Hondarribian autokarabanei aparkatzea debekatzen dieten seinaleak erretiratzeko agindu du Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2 zenbakiko epaitegiak. Sorbeltz, autokarabana erabiltzaileen euskal elkarteari arrazoia ematen dio 254/2019 epaiak, eta Hondarribian horrelako seinaleak jartzeko aukera ematen duen ordenantzarik ez dagoela ebazten du. Abotsanitzek urtetan esandakoa ere berresten du sententziak.

2017ko irailean jarri zituen udal gobernuak autokarabanen kontrako seinaleak herrian zehar. Zehazki, 2,2 metroko altuera eta 5 metroko luzera gainditzen dituzten ibilgailuei ezartzen zitzaien debekua, “baimendutakoei ezik”. Ordutik, dozenaka isun jarri zizkien udaltzaingoak zituen herrira autokarabanarekin hurbiltzen ziren bisitariei. Inoiz jarri behar izan ez ziren isunak. Aparkatzeagatik jartzen zizkieten isunak, ez beste ezerengatik. Hiru urte geroago epaile batek erabaki du aparkatzeko eskubidea zutela, ez baitago hori eragozten duen araudirik.

2017ko urriaren 2an, hau da, seinaleak jarri eta egun batzuetara, Abotsanitzek idatzia aurkeztu zuen udalean. Bertan seinaleek hainbat lege urratzen zituztela adierazten genuen, eta seinaleak kentzeko eskatzen genion Hondarribiko Udalari. Gaur artean ez dugu erantzunik jaso, eta, besteak beste, egindako eskaerak ez entzutearen ondorio da sententzia hau.

Seinaleak jarri baino urtebete lehenago, 2016ko urriko ohiko osoko bilkuran, Abotsanitzek aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuen Hondarribiko udalbatzak. Autokarabanentzako araudia prestatzea adostu genuen talde guztiek, baita ibilgailu hauek behar izaten duten gutxieneko zerbitzuetarako kokagune bat zehaztea.

Erabakitakoa burutzeko urratsik eman ordez, autokarabanen kontrako seinaleak jarri zituen EAJk. Inolako babes juridikorik gabe, orain erakutsi den bezala. 2016an udalbatzak agindutakoa onartu izan balu dagoeneko autokarabanentzako araudi bat izango genuen Hondarribian, eta zerbitzugune egoki bat.

Horregatik, berandu baino lehen, udalbatzak hartutako erabakiak errespetatzeko exijitzen diogu Hondarribiko alkateari, eta legea errespetatu dezala, autokarabanekin bezala, baita beste gaiekin ere.

Etiquetas: