Bizitzaren eta osasunaren babesa gure helburu nagusia da

Concentración de pensionistas todos los lunes en la Plaza San Juan, IrunTXINGUDIKO Pentsiodunen Mugimendua.- Hiritar guztiok, oro har, ardura handiz ahalegindu gara, eta, bereziki pentsiodunok, osasun agintarien aholkuak betetzen; eta horri esker deseskalatze edo arintze faseetan sartzen hasi gara. Baina, erne eta erantzukizun handiz jokatzen jarraitu behar dugu, argi baitago Covid-19 kontrolatu gabe dagoela.

Birusa berriz azaltzen hasten bada, berekin ekar ditzake berriro kutsatzeko arriskua eta heriotza gehiago, zainketa intentsiboetako unitateak (UZI) saturatzea eta kutsadurak direla-eta hain kolpatuak eta nekatuak dauden osasun langileak lanez gainkargatzea. Erabat arriskutsua litzateke eta milaka herritarren osasuna eta bizitza arriskuan egongo litzateke, horietako gehienak adin handikoak; bestalde, sekulako atzerapausoa litzateke enpresek, pymeek, autonomoek... beharrezkoa duten jardunerako, hain zuzen erabat beharrezkoa gure etorkizunerako.

Ez dugu ulertzen, inondik ere, une lazgarri hauetan indar politikoen artean adostasun handiagoa ez izatea akordioak lortzeko erabateko lehentasuna duen gai honetan. Nahiko genuke, bai horixe, beste herrialde batzuen antzera jokatu izan balute, esaterako, urrutira joan gabe Frantzia eta Portugal. Izan ere, lurralde horietan adostasuna araua izan da, pandemia ikaragarri honi konponbideak bilatzeko garaian.

Era berean, Osasun Publikoa indartzea exijitzen dugu, hala nola adinekoei atentzioa emateaz arduratzen den sektore publikoa, beharrezko giza baliabideak eta zainketarako materialak ezarriz. Horretarako pertsonen osasuna eta bizitza lehenetsi behar direlako goiburua argi dugu, adineko pertsonak baztertu eta inolako aitzakiarik erabili gabe. Pentsiodunok osasun agintariek gomendatutako aholkuak errespetatzen jarraituko dugu. Eta ardura berarekin jarraituko dugu gure eskubideak eta pentsio publikoak defendatzen, berebiziko garrantzia emanez pertsona guztiek izan dezaten pentsio egokia bizitza duina bermatzeko moduan. Horregatik miseriazko pentsioekin amaitu egin behar dugu, milaka pentsionista, gehienak emakumeak, egoera txarrean sufritzen ari direlako.

Bestetik, enpresa, pyme, autonomo eta abar suspertzeko ezinbesteko eraikitze politika horretan ere, nola ez, lan eskubideak eta sozialak errespetatzea defendatuko dugu, eta, inortxo ere ez dadila geratu atzean aurrera egin ezinik.

Azkenik, bizitza aktiboan nahiz orain erakutsitako jarrera eta ardurarekin, une zail hauetan, ez dugu onartuko inolako murrizketarik pentsioetan. Izan ere, hori eskatzeko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, Europako Gutun Sozialean, Konstituzioan eta gainerako ordenamendu juridikoan adierazitakoari erreparatu diogu. Hau da, oinarrizko giza eskubideak eta sozialak direnez, ezin diegu uko egin, ezta nahi ere.

Etiquetas: