Emakumeen pala txapelketa. Kronika finalerdia eta finala

Emakumeen pala txapelketa finala

Emeki Elkarteak eta Hondarribiko Udalak antolatutako VI. Emakumeen Pala Txapelketaren finala AHAZTEZINA izan da. Azken 4 larunbatetan bezala, txapelketa ohiko orduan hasi zen, 11:00etan. Larunbatean frontoiko gradak ikusleez bete ziren.

Finalerdiko lehen partidoan, Mirarik (Goizueta) eta Xolek (Goizueta), txapelketan puntuazio altuena lortu duen bikotea, Maite (Irun) eta Izaskun (Irun) bikotearen aurka jokatu zuten. Goizuetako ahizpek iazko txapelketaren irabazleak izan ziren, hortaz, apostu guztiak beraien alde zeuden, baina Maite eta Izaskun bikotea ez zen kikildu eta lehoien antzera borrokatu ziren. Txalotzeko modukoa izan da larunbatean Maitek erakutsitako indarra eta jokoa. Bikote urdinak ahalegin guztiak egin zituen tantoak lortzeko (beraien arteko koordinazioa ezinbestekoa izan da) baina Xole eta Mirariren aurka jokatzea ez da erraza, taktika eta estrategiak ez dira nahikoak izan goizuetarrak garaitzeko. Partidoa 15 eta 6 amaitu zen.

Bigarren partidoan, Edurnek (Irun, Olaberria) eta Idoiak (Hendaia), Edurne (Zizurkil) eta Amaiaren (Andoain) aurka jokatu zuten. Hirugarren jardunaldian elkarren aurka jokatu behar izan zuten, hortaz, kontrako bikotearen ahulezi eta indarguneak ezagutzen zituzten. Bi bikoteak eskarmentu handia dute pala munduan, hori dela eta, gradetan apustuak erdibana zeuden. Finalaurrekoan bikoteen estrategia tantoak ahalik eta azkarren lortzea izan zen finalera indartsu iristeko. Partida 15 eta 4 amaitu zen bikote gorriaren alde.

Finala baino lehen, Hernaniko Pilota Eskolako bi neska gaztek erakustaldi bikaina egin zuten. Banan-banako lagunarteko partidoa jokatu zuten. Enara Macicior Ollo (Hernani) eta Joana Tolaretxipi Errazti (Hernani), 16 eta 15 urteko jokalariak hurrenez hurren. Partido bikaina jokatu zuten. Garbiñe Tijero (Hernani) beraien entrenatzailea da eta aurten ere txapelketan parte hartu du Alaitzekin (Azpeitia).

Finalean Mirarik (Goizueta) eta Xolek (Goizueta), Edurne (Irun, Olaberria) eta Idoiaren (Hendaia) aurka jokatu zuten. Puntuazio altuena lortu duten bi bikoteak aritu dira lehian txapelaren bila. Espero zen bezala, partidoa ikusgarria izan da. Edurne eta Idoia aurretik hasi ziren, baina goizuetako ahizpek gogor borrokatu zuten, berriro ere agerian utziz adina ez dela oztopo bat palan jokatzeko eta oraindik ere forman daudela. Gradetako ikusleak erabat txundituta zeuden bi bikote hauen arteko lehiaz gozatzen, hala ere, aipatzekoa da, nahiz eta beraien artean tentsioa izan, brometarako uneak ere izan zirela. Finala 20 puntuetara izan da eta azkenean Edurne eta Idoia garaileak izan ziren. Partidoa 20-13 bukatu zen.

Azken klasifikazioa honela izan da:

  1. Edurne Martiarena eta Idoia Karrera
  2. Xole Etxegia eta Mirari Etxegia
  3. Izaskun Ayorga eta Maite Mariezkurrena

VI. EMAKUMEEN PALA TXAPELKETAK ARRAKASTA HANDIA IZAN DU, DATORREN URTERARTE!

Emakumeen pala txapelketa finala

Emakumeen pala txapelketa finala

Etiquetas: