Urte politiko berria: zaharra berri

Logotipo EH Bildu Hondarribia

EH Bildu Hondarribia.- 2021. urtea indar handiz hasi dute batzuk. Munduan dagoen demokrazia esportatzailerik handiena den EEBB (nabari dadila ironia) gobernu aldaketaren prozesua geratu behar izan du Trumpistek kapitolioa indarrez hartu dutelako.

Indarrez batzuk, baina, demokrazia, etimologikoki “herriaren gobernua”, ahulduz nabari dugu azken aldian. Herriaren parte hartzea bermatzeko ordezkaritzako demokrazian dihardugu. Nahiz eta demokrazia sistema hobetu daitekeen formula parte-hartzaileagoekin, EAEko instituzioetan zail egiten ari da ordezkaritza hori gauzatzea. Urkulluren gobernuak argia, bainoago, iluntasuna transmititzen du. Gehiengo absolutua baliatuta iluntasunetik, edo gardentasunik gabe, kudeatu dute pandemiaren afera, Zaldibarreko eskandalua, Europako Next Generation diru-laguntzak eta abar. Ez dute oposizioaren beharra, gutxietsi egiten dute, eta ez dute oposizioaren parte-hartzea nahi: demokrazia eredu ahula.

Gure herrian ere, Hondarribian, lehengo lepotik burua. Jeltzaleen gehiengo absolutuaren gobernuak ez du oposizioaren lanaren beharrik, ezta haien parte-hartzerik nahi. Batzorde edo udalbatzetako dokumentazioa berandu bidaltzen zaigu askotan, batzuetan gaztelera hutsean eta lanketa guztia eginda eta itxita dagonean. Azaroan hori adierazi genuen eta aurrekontuak negoziatu behar izan ditugunean, berriz topatu dugu jarrera berdina. Tokiko gobernuaren negoziatzeko ezintasunak agerian utzi du eta oposizioak blokean aurrekontuen kontra bozkatu genuen. Hondarribiko alkateak bat egite hori azaroaren 25eko izpiritua bezala izendatu zuen udalbatzan eta udalbatza horretan bertan tokiko gobernuari mezu bat helarazten saiatu ginen: Hondarribiko udal-gobernua autobidetik doan autoa balitz, auto guztiak kontrako noranzkoan joatea deitoratzen egongo litzake haserre, konturatu gabe, bera dela kontrako noranzkoan doana.

Tokiko gobernuari gardentasuna eskatzen diogu, pandemia garaiotan udal talde eta eragileekin mahai bat osatzeko proposamena bideratu genion, EH Bildutik proposamen ezberdinak egin ditugu kudeaketa hobetzeko eta oharra ere bidali genuen birus arriskutsuena informazio eza dela esanez. Saiakerak egin ditugu eta egiten jarraituko dugu, hori delako herritarrek eskatu digutena eta nahiz eta tokiko gobernuak gure lankidetza baztertu, ez diogu herri honek eskatu digun mandatuari iskin egingo. Hondarribia feministago, euskaldunago, berdeago eta justuagoaren bidea urratzen jarraituko dugu.

Etiquetas: