bidasoa.hitza.eus.- Imanol Saiz.-Sahararen aldeko martxari hasiera eman zioten atzo Irunen. Sindikatuek eta eragileek «sahararrek bizi duten gera egoera larria salatzeko» probestu zuten atzokoa eta zentzu horretan, konponbiderako zenbait puntu aldarrikatu zituzten.
Atzo Irungo hainbat eragilek eta sindikatuk agerraldia eskaini zuten Zabaltza plazan. Bertan, Sahararen aldeko martxari hasiera eman zioten, eta bide batez, «sahararrek bizi duten gera egoera larria salatzeko» probestu zuten atzokoa. Zentzu horretan, konponbiderako zenbait puntu aldarrikatu zituzten.
«Mendebaldeko Saharak, Espainiako antzinako probintziak, 45 urte baino gehiago daramatza erbestealdi, errepresio eta okupazioan murgilduta, nazioarteko zuzenbidearen araberako irtenbiderik gabe», esan zuten atzokoan.
Egoera horren aurrean, «Espainiako gobernuaren isiltasuna eta NBEren konplizitatea ikusita», ondorengo aldarrikapenak (hitzez hitz) egin dituzte eragileek:
- Gure gaitzespenik gogorrena Marokoko armadak saharar biztanleria zibilaren aurka egindako eraso berriari.
- Behingoz bete ditzala Espainiako Gobernuak lurraldearen potentzia administratzaile gisa dituen betebeharrak, Mendebaldeko Sahara azken kolonia baita Afrikan.
- Marokoko armadara bideratutako armen salmenta eta donazioak berehala etetea.
- Marokok Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan egin dituen gizateriaren aurkako krimenak eta saharar herritar, ekintzaile eta kazetarien aurkako egungo jazarpena eta basakeria salatzea.
- Giza eskubideen Nazioarteko behatzaileen, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen eta NBEko Giza Eskubideen Goi Komisarioaren Bulegoaren premiazko eskuhartzea eskatzen dugu.
- Gobernu espainiarraren bitartekaritza preso politiko sahararrentzat, lehen bait lehen aske utz ditzaten.
- Espainiako eta Euskadiko enpresei Mendebaldeko Saharan egiten duten espoliazio-jarduera geldiaraz dezatela eskatzen dugu, sahararren oinarrizko eskubideen zapalketa sistematikoaren konplize zuzenak baitira.
- Euskal erakundeetako alderdi eta sindikatu guztiei, Marokok merkaturatutako produktu sahararrei esker aberasten ari diren euskal enpresa guztiak salatzea eskatzen diegu.
Horregatik guztiagatik «koherentzia eta irmotasuna» eskatu diote Espainiako gobernuari, «hainbeste aipatzen duen nazioarteko legezkotasunaren bere ustezko defentsan». Horrez gain, Saharar herriaren askatasunerako eskubide legitimoa babestea eta errespetatzea ere eskatu diote, eta Fronte Polisarioaren estatus diplomatikoa formalki aitortzea, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren ordezkari bakar eta legitimo gisa.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuari Fronte Polisarioak Espainiako estatuan duen ordezkaritza estatus diplomatikoa emateko eskaera ere egin diezaion eskatu dute, finean, onar dezala SEAD eta bultza ditzala egitasmoak gatazkari irtenbide baketsua emateko, «saharar herriak bere legezko subiranotasuna berreskuratzeko, bere lurraldean duintasunez aske bizitzeko aukera izan dezan».
«Manifestu honen bidez, saharar herriaren askatasuna, duintasuna, zor politiko eta historiko eta batez ere, herrien arteko elkartasunaren alde, martxa honekin bat egitea eskatzen diegu gizarte zibil eta erakundeei. Euskal Herri osoan egingo diren ekintzetan parte hartzera animatzen ditugu guztiak, gaurtik hasita Irunen, ekainaren 6ra arte Gasteizen», esan zuten amaitzeko.
- Egutegia
- 594 irakurketak
- Castellano