LAB Sindikatua.- Emparkeko langileok, enpresak egindako lan baldintzen funtsezko aldaketen aurrean, eta soldatan zein bestelako hobekuntzak negoziatzeko borondate ezaren aurrean, kontzentrazio bat egingo dugu abenduaren 31n. Empark enpresak Donostiako 5 aparkaleku publiko kudeatzen ditu; Okendo, Bulebar, Kontxa, Atotxa eta Katalunia, eta bat Irunen.
Guztira 21 langile gara Donostian eta 4 Irunen. Astelehenetik ostiralera lan egiten dugu, eguneko, arratsaldeko eta gaueko txandetan, urtean 1.774 orduko lanaldiarekin (ia 39 ordu astean). Auxiliarren kasuan, nominak ez dira hilean 1.400 euro gordinera iristen kontzeptu guztiekin (antzinatasuna, gaueko lanaren plusa, jaiegunetako plusa), ostegunetan ematen dizkigute hurrengo asteko egutegia, baja zein oporretan dauden lankideak ez dituzte orokorrean ordezkatzen, eta, beraz, zerbitzua emateko berriro aldatzen dizkigute egutegiak. Horregatik, adibidez, askotan, aparkalekuan ez dago inor bezeroei arreta emateko.
Ikasturte hasierarekin batera, enpresari dei egin genion Gipuzkoako aparkaleku guztietarako Enpresa Hitzarmen bat negoziatzeko. Gure helburua urteko lanaldia murriztea, soldata duinak bermatzea eta baldintzak hobetzea zen, batez ere egutegia. Baina enpresak, Donostiako Udalak 2023rako martxan jarri nahi duen planaren aitzakian, emisio baxuko eremu bat sortzeko helburuarekin, egungo baldintzak 2023ra arte luzatzea baino ez du proposatzen, soldatak berrikusi gabe.
Egoera horretan egonik, azaroaren 30ean, enpresak lan-baldintzen funtsezko aldaketa-prozesu bati ekin zion, eta abenduaren 17an amaitu zen, akordiorik gabe. Enpresak, hala ere, azken proposamena betearaztea erabaki du, eta, beraz, demanda bat jarriko dugu.
Enpresak ordutegia aldatu nahi du, bi pertsona baino gehiagok une berean oporrik ez hartzera behartu nahi gaitu, eta langile guztiak txanden antolaketa zaku berean berean sartu nahi ditu, 18 pertsonetara konprometituz. Aldaketa horiek kontziliaziorako dugun eskubidea zailtzen dute, eta gaueko txanda izanda, gure atsedena nahasten du. Oporrak hartzeko dugun eskubidea mugatzen dute, eta zeharka, nahi ez ditugun aldietan hartu behar izatera behartzen gaituzte.
Okupazio-maila eta eguneko ordu jakin batzuetan dagoen intzidentzia handia argudiatzen dute. Gure iritziz, egoera honi erantzuteko aterabide onena langile gehiago kontratatzea da, opor eta baja guztiak ordezkatuz eta aparkaleku bakoitzean plantilla zehatz bat edukiz.
Haserre gaude eta ez dugu isiltzeko asmorik. Soldata izoztu nahi digute, gainera, bizitzaren prezioak gora besterik egiten ez duenean; esplotatzen gaituzte, ahalik eta langilerik gutxienarekin ahalik eta zerbitzurik onena bermatzeko, etekinak haientzat diren bitartean. Zakurrak bezala nahi gaituzte, aparkaleku batetik bestera egun osoan. Ez!
Dei egin nahi diogu Donostiako Udal Gobernuari, bereziki Eneko Goia alkateari, beste alde batera begiratzeari utz diezaion eta gatazka hau konpontzeko dituen eta izan ditzakeen hariak mugi ditzan. Ez dezagun ahaztu aparkaleku horiek Udalarenak direla, nahiz eta EMPARK enpresak kudeatu.
Iragarri nahi dugu udal talde guztiekin biltzea eskatuko dugula, egoera azaltzeko eta gaiari buruz hitz egiteko. Gure ustez, ezin da onartu, enpresak udal aparkaleku batzuetatik irabaziak lortzen dituen bitartean, langileok lan eta soldata baldintza kaskarrak izatea.
Datorren abenduaren 31n kontzentrazioa egingo dugu 16:15ean Kontxako aparkalekuaren sarreran, Cervantes plazan, egoera hori salatzeko eta enpresari aldaketak ez egiteko eta negoziazioan jarrera aldatzeko eskatzeko.
- Egutegia
- 370 irakurketak
- Castellano