Abotsanitzek diru publikoaren erabilera zuzena aldarrikatzen du

imagen

Abotsanitz.- EAEko fiskal nagusiak aditzera eman du Hondarribiko Udalean irregulartasunak gertatzen direla modu ohikoan eta denbora luzean, Abotsanitz Udal Taldeak behin eta berriro salatu modura.

Hondarribiako Udalean obra eta zerbitzuen kontratazioan irregulartasunak gertatzen direla salatu izan du Abotsanitz Udal Taldeak azken urteetan; hain zuzen, kontratatzeko prozeduretan ez dela Sektore Publikoko Kontratazio Legea betetzen. Salaketa hauek Udal Kontuhartzailetzatik eginiko txostenetan, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2016an publikatutako txostenean eta Lehiaren Euskal Agentziak 2021an eginikoan oinarritzen dira batik bat.

Abotsanitzek bat egiten du Kontratazio legearen baloreekin, eta hauek defendatuko ditu: Sektore publikoko kontratuetako lizitazioan parte hartzeko askatasuna, prozeduren gardentasuna, publikotasuna, lehiakideen arteko diskriminaziorik eza eta tratu berdintasunaren printzipioa betetzea. Gainera, baliabide publikoen eraginkortasuna bultzatzeko asmoz, diru-funtsak efizientziaz erabiliko direla ziurtatzea eskatzen du, dauden premiak aldez aurretik definituz, lehia askea sustatuz eta ekonomiaren aldetik onuragarria den eskaintza hautatuz.

Baliabideen kudeaketa egokia egingo dela bermatuko duen (legeak ere hala eskatzen du) kontrataziorako plangintza bat egitea eskatu du sarritan eta, azkenean, 2022rako egindakoa izan da Hondarribiako Udalean izan den lehen kontratazio plangintza. Baina hau ere ez da betetzen ari…

Zergatik egiten du Abotsanitzek horrelako kontrol zorrotza? Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak adierazten duen bezala, kontratazio publikoa da, Gobernuen jardueren artean, ustelkeriarako aukera handiena ematen duen jarduna. Horregatik kontratazio publikoan ustelkeriaren aurkako borroka eta prebentzio neurriak ezartzea ezinbestekoa da. Praktika txar hauek, instituzioekiko mesfidantza handia sortzen dute, eta Hondarribian urteetan eta modu ohikoan gertatzen ari dira.

Ez du Abotsanitzek bakarrik esaten. Azaroak 9ko, Eusko legebiltzarrean, Carmen Adan EAEko Fiskal Nagusiak eginiko agerpenean delitu ekonomiko eta korrupzioari buruzko atala jorratu zuen. Bertan adierazi zuen Euskadiko herri bat, Hondarribia, urte luzeetan jardun irregularrak egiten jarraitzeagatik ikerketa sakonago batez salbuetsita geratu dela.

PNVko udal gobernuak urteetan erabilitako praktika oker hauek Hondarribiko Udalaren izena zikintzen dute. Egoera zuzentzeko neurriak eta jarrera aktibo bat hartu ordez, ardurak beste taldeei leporatu izan die. Hain zuzen, horrek, sortzen du tentsio-soziala.

Beraz, arduraz jokatzen dugu urteetan zehar gertatzen diren irregulartasunak salatzean eta udala hobetzeko ekarpenak egiten ditugunean; hondarribitarrok kalitatezko erakunde publiko bat behar dugulako eta Fiskal nagusiak Parlamentuan aditzera eman duen bezala, diru publikoaren erabilerak babes berezia behar duelako.

Orain arte horrela jokatu dugu eta zintzoki jarduteko konpromisoa berresten dugu.

Etiquetas: