Bidasoko EH Bildu ZALDUNBORDA II eremuaren gainean

imagen

Bidasoko EH Bildu.- Aurreko asteotan jakin dugu Irungo eta Hondarribiko Udalek interesa dutela Zaldunborda inguruko eremu batean hirigintza-garapena egiteko, bertan jarduera ekonomikoak ezartzeko.

Eremua Irun eta Hondarribiko udal-mugarteen artean dago. Bateragarri egin nahi den eremua Hondarribia eta Irungo udalerrien mendebaldean dago, bi udalerriek partekatzen duten zona batean. Guztira, 16.380m2s-ko azalera du; horietatik, 8.866,06 m2 Hondarribian daude, eta 7.510,10 m2 Irunen.

Proposatutako hitzarmen horrek jarduera ekonomikoak ezartzeko antolamendu-irizpide orokorrak jasotzen ditu, eta Hondarribiko Udalak Irungoari kudeatze-agindua ematea xedatzen du.

Hauxe da Hondarribiko zein Irungo udalek datozen udalbatzetan onartu nahi duten hirigintza-plana, eta hala jasota dago bi udaletako hirigintza espedienteetan.

Honen aurrean, Bidasoko EH Bilduko kideok garbi adierazi nahi dugu zonalde horretan garatu nahi den hirigintza-planaren aurka bozkatuko dugula.

Ez dugu ahaztu behar gune hori balio ekologiko handia duen ingurune natural batean kokatuta dagoela. Bai Hondarribiak bai Irunek badituzte beste gune industrial batzuk jarduera honetarako askoz ere egokiagoak direnak.

Era berean, gogoratu nahi dugu Zaldunborda IIko eremu horretako jabegoa pribatua dela. Argi dugu pribatuen eskuetan utzi baino lehen interes publikoa lehenetsi behar dela. Hori dela eta, animatzen ditugu gure udalak jabego pribatuarekin adostera formularen bat gune hori jabego publikoa izatera pasa dadin.

Bestalde, ezaguna da Hondarribiko HAPOaren egoera kritikoa dela. Udal honek 1997ko arau subsidiarioak hartu behar ditu oinarri hitzarmena adosteko. Hau kontuan hartuta eta jakinda zonalde honen eztabaida mahai gainean dagoela, ez dugu ulertzen gaiarekiko larritasuna.

Beraz, esandako guztia aintzat harturik Hondarribiko zein Irungo udalei hitzarmen hau bertan behera uzteko eskatzen diegu.

Etiquetas: