Irungo herri eragileen txosnara joateko deia egin dute

Irungo Jaiak 22

Burujabetza ez da erregutzen, lortu egiten da. Ez diogulako inori baimenik eskatuko nahi dugun bezala bizitzen hasteko. Burujabetza ezin da bakarrik, lagunekin bai.

Jazartzen gaituzten dominazio sistemei, soilik komunitatetik eraikitako indarrez egin dakieke aurre. Sumisioa eta heriotza eskaintzeko duten hauei, soilik bizitzaren aniztasunetik, herri-mugimendu bizi, alai eta borrokalaritik izango dugu erantzuterik.

Hitzez eta praktikaz: “Guk erabaki bezala biziko gara!

Jakin badakigu sistemak jendarteko txoko guztiak bere egiteko joera duela.

Jaiak ere honen isla dira: 2022. urte honetan Alarde Publiko eta bakar gabe jarraitzen dugu, indarkeria patriarkala naturalizatze bidean doa. Hala ere, Alardea baino askoz gehiago dira Irungo Jaiak. Bada musika, bada dantza, bada aspaldiko lagunekin elkartzea, bada ligatzea eta gozatzea.

Zentzu honetan, Irungo Herri Mugimenduak lan andana egin du urtetan zehar Jaiek Txosna gunea eduki dezaten. Herritik eta herriarentzat sor dezagun jai-gunea.

Hor ere burujabeago izan gaitezen.

Aurten ere, auzolan itzela antolatu dugu hainbat eragileren artean, tartean Hazia Kultur Elkartea, Su Txikian, Ziztaka, Lakaxita Gaztetxea eta Moskuko Jai Batzordea. 15 txosna egun, hamarnaka txanda eta sukalde lan.

Herrigintzatik ari garenak urte osoan zehar, txinaurri lanean, elkar-lanean Herria egiten, Euskal Herri burujabe baten oinarriak egunez egun jorratzen. Jaietan ere elkar-lanari ekin diogu. Jai eremuan espazio herrikoi, feminista, euskaldun eta seguru bat eskaintzeko. Izan ere, jaietan ere aske izan eta aske gozatzea erronka bat ere bada. Irungo herri mugimendutik hortara goaz, eta gurekin gozatzera gonbidatzen zaitugu.

Gora jai euskaldun, feminista eta burujabeak!

Gora Irungo Herri Mugimendua!

Etiquetas: