Etorkizunerantz IBILIZ

imagen

Abotsanitz.- Osasun-alarma egoerak eragindako geldialdi eta isiltasunaren ondoren, zalaparta eta jai-giroa bueltatuko dira gurera aurten. Dirudienez, etenaldi honek ez du aldaketa sakonik eragin; ez ditugu aldaketa nabarmenak sumatu, baina alardearen bilakaerari buruzko ikuspegi zabalagoa hedatzeko balio izan duela sinistuta gaude.

Gutako bakoitzaren barnean ematen ari dira aldaketa garrantzitsuenak; aurrera egin nahi izatearen eta iraganera begiratzen jarraitu nahi izatearen arteko gatazka pizten baitigu alardearen aferak. Baina, pausua emateak beldurra ematen du oraindik, batez ere, ingurukoek bizkarra emango diguten beldur.

Zorionez gaitzespen horiek indarra galduz doaz eta testuinguru berri bat eraikitzen ari da non jarrera ahalbideratzaileak lekua irabazi duen. Honen adierazle dira azken hiru urteetan agertu diren talde eta proposamen berriak.

Abotsanitzen uste dugu nekatuta eta zatitua izan den herriari, aurrera jarraitu ahal izateko, zubiak eraiki behar zaizkiola. Prozesua eta hitza izan dira gure tresnak mina gainditu, errudunak bilatzeari utzi eta bidea egiten hasteko.

Orain arte egin dugun bezala, denbora honetan ere, gure ildoan jarraitu dugu lanean, ahalik eta eragile zein herritar gehien eta anitzekin biltzen, eta gehiengo zabal baten oinarrian helburu berdina dagoela ondorioztatu dugu: emakumearen parte hartze zabala alarde bakarrean. Helburu hau lortzeko denok gara beharrezkoak, abiapuntu eta proposamen ezberdinetatik abiatuta adostutako prozesua eraikitzeko gai garelako.

Udalean ere, ildo horretan ari gara lanean; adostasunak lortzen saiatu gara beti, txikiak izanik ere, herriak udal-ordezkari arduratsuak merezi dituelako. Zoritxarrez, gizarteak eta herritarrek, politikariek baina borondate irmoagoa erakutsi dute gatazka honen bilakaeran. Egoera hau ezin da gehiago luzatu. Gure oinordekoei irainik gabeko, bizkarrik eman gabeko eta zatiketarik gabeko jai zoriontsua zor diegu; inor baztertuko ez duen ondare bizi eta indartsua zor diegu.

Esandako guztiagatik, Hondarribiar, herriko alderdi politiko zein Alardearen ospakizunean zerikusia duten eragile orori dei egiten diegu helburu-komuna lehenetsi dezaten.

Berdintasunezko eta anaitasunezko etorkizun ederra daukagu zai!

Gora Hondarribia!!

Etiquetas: