Udaberriko Eskola Politikoa: Marxismoa, klase borroka eta inperialismoa

UEP

Bor-Bor Hausnarketarako plaza kolektiboa.- Asteartean Lore Lujanbio Etxeberriarekin feminismoa ikuspegi materialistatik landu eta zaintza-lanen mendeetako transformazioa aztertu genuen, XVIII. mendetik aurrera produkzio-harreman patriarkalean ematen den emakume gorputzen desjabetzean sakonduz.

Hurrengo eskola eguna maiatzaren 14ean izango dugu, hau ere 18:30ean Arbesko Toki Alai eskolan. Oraingoan, Andrea Bartolok 'Marxismoa, klase borroka eta inperialismoa' izeneko saioa aurkeztuko du. Jarraian informazio apur bat:

Marxismoa, klase borroka eta inperialismoa

Gutxi batzuek gero eta askoz ere gehiago daukate, askoz ere gehiagok gero eta askoz ere gutxiago daukaten bitartean. Aberastasunaren kontzentrazioa eta pobretzearen orokortzea, gainera, egiturazko krisi baten baitan ari da gertatzen. Historiak erakusten duen gisan, kapitalismoaren egiturazko krisi garaiak izaten dira inperialismoak bere aurpegi basatiena erakusten dituenak, arpilatzearen bidezko metaketa prozesuak hedatu eta sakontzen dituen garaiak. Zentzu horretan bada, ezinbestekoa zaigu teoria marxistak eskaintzen digun sistema kapitalistaren inguruko oinarri teorikoak gure egin, eta inperialismoaren fase garaikideari aurre egingo dion klase borroka eguneratu, hedatu eta sakontzea.

Hontaz hitz egiteko Andrea Bartolo izango dugu gurekin. Ikerlari eta AZET Bilboko etxebizitza sindikatuko kidea da Bartolo, sortzez siziliarra, eta AEKn irakasle dihardu egun.

Etiquetas: