Aurrekontuetatik harago, EH Bilduk inertziaz hartutako erabakiak eta gobernantza eredu zaharkitua antzematen ditu PSEk eta EA Jk osatutako udal gobernuan

Joan den Korrikaren unea Irunen

EH Bildu.- Udal Gobernuak aurkeztutako 2026 urterako aurrekontuaren proposamenari etorkizuneko begirada falta zaiola adierazi du EH Bilduk, eta horiek hobetzeko akordioa bilatu badute ere, PSEk eta EAJk osatzen duten udal gobernuarekin adostasunik lortu ez dutela aurreratu dute.

Urte hasieran udal gobernu berria osatu zenean hiriak aurrera egin eta irundarren interesak lehenesteko akordioaz hitz egin bazuten ere, gobernutik egiten dren adierazpenetan, edota mahai gainean jartzen diren proposamenetan EH Bildutik argi ikusten dugu PSEk eta EAJk osatutako koalizioak ez duela gizartearen egungo erronkei aurre egiteko ahalmenik, ez baitute hiriaren norabidea zehaztuko duen etorkizuneko begiradarik.

Izan ere, gure hiriak erronka handiak ditu aurrean; etxebizitza larrialdia, aldaketa klimatikoa eta bonen ondorioak, jasangarritasuna, mugikortasuna, zaintza eta populazioaren zahartzea, etab. Egoera honetan, aurrera begirako soluzio bideetan eta politika eraldatzaileen gaineko eztabaidetan ibili beharko ginateke, baina Irunen, Gipuzkoako bigarren hirian, 30, 20 edota 10 urteko zor historikoen betetzeaz ari gara oraindik. Ulertezina da Gipuzkoako Foru Aldundiari edota Eusko Jaurlaritzari Irunekiko konpromisoa erregutzen aritzea, inongo koordinaziorik gabe, instituzio guztietan bi alderdien arteko koalizioak gobernatzen duenean, gainera. Horrek paralisi egoeran uzten gaitu, gure inguruko herri eta hiriak aurrera egiten ikusten ditugun bitartean.

Hiriko gai estrategikoak etorkizunari begira zehaztu eta landu behar dira, eta horretarako inertziaz gobernatzeari utzi behar zaio. EH Bildutik sinetsita gaude bestelako gobernantza eredu bat behar dugula, eredu kolaboratiboago bat, non, desberdinen arteko elkarlana haritu, eta eragile eta herritarrekin benetako entzuketa ariketak martxan jartzen diren. Eta gure taldearentzat ideia hau udal aurrekontuan, urteko plangintzaren dokumentu nagusian, isladatuta egotea ezinbestekoa da.

Gauzak horrela, EH Bilduren 2026 urteko udal aurrekontua bestelakoa izango zen. Izan ere, hiria denon artean osatu eta hobetzearen beharraz jabetuta gaude eta oposiziotik bada ere, desberdinen arteko adostasun zabal bat bilatu nahi izan dugu aurkeztutako gure zuzenketen bidez.

Bide horretan 12 zuzenketa aurkeztu dizkiogu 2026ko udal aurrekontuari, hiri atseginagoa, hurbilagoa eta herritarren egungo eta etorkizuneko beharrekin lotuagoa izateko bidea irekitzea helburua zuten 12 proposamen,; etxebizitza, auzoak, kirol-azpiegiturak, kultura... Gai garrantzitsuak, estrategikoak, eta ustez, eta elkarguneak topatzeko aukerak irekitzen zituztenak. Hala ere, gaur gaurkoz, gehiengo absolutua duten PSEk eta EAJk ez dituzte zuzenketa horiek onartu, eta beraz, Irunen ez da akordiorik izango.

Biharko udalbatzan koalizioak duen gehiengo absolutuaren bidez kontuak onartuko badira ere, EH Bildutik berriro ere galdutako aukera baten aurrean gaudela uste dugu. Aurrekontuetatik harago, aurrerantzean gobernantza eredu berriak egikaritzeko bideak bilatzea eskatzen diogu Udal Gobernu honi, eta hiritarren parte hartzea ahalbidetu eta politika egiteko modu parte hartzaileagoak bultzatzea, guk argi baitugu gobernantza eredu horrekin soilik lortuko dugula herritarren beharrei soluzio iraunkorrak ematea.

2026ko udal aurrekontuei aurkeztutako zuzenketak.

  1. IRUNVIk EAOean argitaratutako etxebizitza publikoen eskualdaketetan lehentasunezko eskubidea baliatzeko diru partida bat, ondoren etxebizitza horiek alokairura bideratzeko helburuarekin. 2.000.000 €
  2. HAZen arreta-puntu eta Gizarte Zerbitzuen arreta-puntu bana ezartzea Anaka, Ventas, Behobia eta ATO auzoetan. 1.500.000 €, 2026 urtean 750.000€, 2027 urtean 750.000€
  3. Urdanibiako kapera Kafe Antzoki bihurtzeko azterketa eta eraberritzea. 300.000 €
  4. Ekimen kulturalak egiteko karpa erraldoi baten erosketa. 80.000 €
  5. Korrikaren baitan hiria dinamizatzeko ekimenetarako diru laguntza lerroa sortzea. 50.000 €
  6. Iparralde-Gal eremuan kirol-instalazioak berroneratzeko eta eraikitzeko azterlana. 30.000 €
  7. Irungo mendebaldean kiroldegi baten obra egikaritze proiektua garatzea. 120.000 €
  8. Santiago eta Eguzkitzako frontoiak birgaitu eta egokitu, horiek berritu eta estaltzeko. 300.000 €
  9. Dunboako ubidearen gainetik oinezkoentzako zubi bat eraikitzeko proiektua egin eta obra burutzea, etorkizuneko Korrokoitz-eko eremua eta Arbes auzoa lotuz. 300.000 €
  10. Erdigunean kokatzen diren -Mendibil, Luis Mariano eta San Juan- parkingen kudeaketari buruzko azterlana, Pinarreko parkinaren eredua erreferentzia bezala hartuta .20.000 €
  11. Irungo hiri barruko autobus lineetako gidarientzat aldagela eta deskantso gunea eraikitzea. 300.000 €
  12. Ermita kaleko sarbidea kudeatzeko sistema bat ezarri eta kalearen argiteria eta irisgarritasun oztopoak eraldatzea. 50.000 €

Etiquetas: