Abotsanitzek Hondarribiko auzoekin duen konpromisoa berresten du: “Gezur eta higaduraren aurrean, informazioa, entzutea eta zehaztasun teknikoa”

parking

Abotsanitz.- Hondarribian aparkalekuarekin dagoen arazoa ez da berria. Guztiok pairatzen dugu egunerokotasunean, eta uda garalan egoera okertu egiten da. Jakitun gara auzo batzuetan amets gaizto bihurtzen dela bertan aparkatu nahi izatea garai puntualetan. Eta horrexegatik, eta aurreko udal gobernuaren lanak jarraituaz, erabaki genuen aparkalekuaren problematikarekin jarraitzea, ausardiaz, zehaztasun teknikoaz eta parte hartzeaz lagunduta.

Udalak hilabeteak daramatza Amute, Portua, Alde Zaharar, Akartegi eta Soroetako bizilagunekin proposamen honetan lanean. Helburua, Hondarribian bizi garenok aparkatzeko lehentasuna izatea eta gaur egun dagoen saturazioari aurre egitea delarik. Hala ere, intoxikazio kanpaina honek herritar jakin batzuengan sortu dituen zalantza eta kezken aurrean, asteazkenean burutu zen udalbatzatik proposamena erretiratzea erabaki zen, beste behin, auzoetan informazio-saio bira bat burutzeko, ordenantza baten ohiko prozeduratik ateraz eta Hondarribiko aparkalekua arautuko duen tresnari parte-hartze eta aniztasun handiagoa emanaz.

Gaian sakondu baino lehen, herritarren mugikorrak bete dituzten audio eta buloetanc oinarritutako desinformazio-kanpaina bat salatu beharrean aurkitzen gara, gehiena, adimen artifiziala baliatuz egin dena. Anonimotasunean babestuz, mezu horiek gizarte-alarma baten antzeko zerbait sortu nahi izan dute Aparkalekuen ordenantza berriaren proposamenaren inguruan.

Ez da gertatzen den lehen aldia, eta badakigu ez dela azkena izango. Baina bulo eta gezurren aurrean,zuhurtzia, informazioa eta zehaztasuna.

Behin hau esanda, hurrengo ideia hauek arau utzi nahi ditugu:

  • Presaren aurrean, entzuteko prestutasuna: Ez dugu inolako presarik ordenantza onartzeko.Gure lehentasuna ez da eztabaida politiko bat irabaztea, bertan aparkatzeko dauden arazoel erantzun bat ematea baizik. Berriro jarraituko dugu, auzoz-auzo, proposamenaren edukia azalduaz, entzuten eta etor daitezkeen ekarpenak aztertuaz, zalantza guztiak argitu eta dauden galderak erantzunaz, azken hilabeteetan aritu garen bezala jarraituaz. Ez gara gu izango auzo baten seinalizazioa egun batetik bestera, gauez, eta aldez aurretik abixatu gabe aldatuko dugunak, aurreko gobernuak egin zuen lez.
  • Buloak edo gezurrak desmuntatzen: Gezur hutsa da herritar guztiei bereizkeriarik gabe tarifak ordaintzera behartuko zaiela edota bertakoak kanporatuak izango direla. Gainera, gehitu beharrean gaude, kotxea hamar egunetik behin mugitzeko araua 2022ko apirilean indarrean sartu zela, aurreko gobernu jeltzalearekin, eta norbaitek, orain, asmo txarrez, giroa nahasi nahi duela, ezinegona eta anabasa sortzeko asmotan. Proposamena 2024ean hasitako azterketa tekniko sakon batean oinarritzen da; bai eta Amute, Portua, Alde Zaharra, Akartegi eta Soroetako bizilagunekin egindako bileretan jaso diren ekarpenekin, Hondarribian bizi garenon eta hemen aparkatzea lehentasun Izotzaren helburuarekin.
  • Oposizioaren koherentzia-eza: Benetan deigarria egin zaigu EAJ-PNVren jarrera afera honetan. Izan ere, Urriaren 22ko Hirigintza Batzordean, proposamena ahalbidetu ostean, udalbatzan proposamena erretiratzea eskatu zuten handik egun gutxietara, gure ustetan, udal-gobernua higatzeko helburu bakarrarekin. Hondarribiak, politika arduratsu bat merezi du, elektoralismorik gabea. Eta bori dela eta, beste behin, EAJ-PNVri eskatzen diogu maila politikoa eman dezala eta interes kolektiboa jar dezala alderdiaren edota interes pertsonalen gainetik.
  • Hasierako onarpenak ez ditu ateak ixten: Herritarrei gogorarazi nahi diegu, behin saioinformatiboak burutzen direnean udalbatzara eramango den onarpena, ez dela behin-betikoa eta ez dela indarrean sartuko berehala. Aitzitik, dokumentua jendaurrean arri eta proposamen edota alegazioak aurkezteko epea irekiko duen urrats formala da, edozein hondarribiarrek ordenantza hobetzeko asmoarekin, ekarpenak egin ahal izango dituelarik. Eta behin hori eginda, oraindik ere, hainbat urrats faltako dira behin-betiko onarpena eman aurretik.

Hondarribiak, ditugun arazo historikoen aurrean, konponbide ausartak behar ditu. Abotsanitzetik lanean jarraituko dugu gardentasunez, bizilagunekin batera eta nahasmena, gezurra eta ezinegona nahiago dituztenen probokazioetan erori gabe.

Etiquetas: