Aagesen ministroak Hezeguneen Egunean Txingudira egindako bisitaren irakurketa kritikoa

San Lorenzo aintziraren bista

Eguzki.- Trantsizio Ekologikoko ministro Sara Aagesenek Irun bisitatu du aste honetan, Hezeguneen Munduko Egunean, eta Life Humedales programa aurkeztu du Plaiaundiko Parke Ekologikoan (España ejecutará el mayor proyecto en la historia de los fondos LIFE de Europa).

Non zegoen kontuan izanda, Artia errekan bukatzear diren lanak ikuskatu, eta, bide batez, San Lorentzoko urmaela handitzeko proiektuaz hitz egin zuen. Proiektu horrek gauzatu gabe jarraitzen du, azken urteotan obrak bi aldiz esleitu diren arren.

Ministerioak Plaiaundiko Parkeko San Lorentzo urmaela handituko duela berretsi du Aagesenek. Handitze hori bi fasetan egingo duela ere zehaztu du:

  • Ia berehala” hasiko den lehenengo fasean, Mendelu errekako bokala marearen arabera egokituko da, eta, horrez gain, oinezkoentzako eta bizikletentzako lotura egingo da Hondarribi eta Amuteraino.
  • Bigarren fasean, berriz, San Lorentzoko urmaela bera handituko da. Ministroak ez zuen bigarren fase horretarako eperik aipatu; izan ere, “asmo handiko jarduera konplexua denez, bigarren faseari ekin aurretik, lehenengoak nola funtzionatzen duen ikustea beharrezkoa izango da”, esan zuen.

Bestela esanda, itxoiten jarraitu beharko dugu, eta asko, gainera, urte hauetan guztietan gauzak nola joan diren ikusita. Kontuan izan behar baita Eusko Jaurlaritzak 2014an Txingudiri buruz egin zuen diagnostikoan San Lorentzoko urmaela handitzea “premiazko lehentasunezkotzat” jo zuela. 2021eko otsailean, Arantxa Tapiak, une hartan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, proiektua aurkeztu eta lanak urte hartako “bigarren seihilekoan” hasteko moduan egongo zirela iragarri zuen. Ez zen horrela izan, ordea. Baina 2022ko otsailean, Tapiak berak iragarri zuen lanen lizitazioa. “Aurreikuspenen arabera, obrak uda honetan hasiko dira”, gaineratu zuen; hau da, 2022ko udan. Ez, ba, 2022ko udan ere ez ziren hasi, tartean, Trantsizio Ekologikoko Ministerioak lanak bere gain hartu zituelako. 2023ko udaberrian berriz ere lizitaziora atera eta udazkenean esleitu zituen. Orduan, urte hartako abenduan edo 2024ko urtarrilean hasiko zirela esan zuten. Alabaina, geroztik bi urte pasatu dira, eta bi urte hauetan proiektua zer egoeratan zegoen jakiteko modurik ere ez dugu izan. Orain, berriz, Aagesenek esan du lehen fasea “ia berehalakoa” dela, baina bigarrena... auskalo, oso “konplexua” da eta. Baina lanak 2022an eta berriz 2023an lizitatu zituztenean ere konplexuak izango ziren, ezta?

Dena dela, San Lorentzokoa ez da Ministerioak Gipuzkoan hezeguneak leheneratzeko “presa handirik gabe” hartzen duen proiektu bakarra. Horra hor Motondo, Oriako errioan, Orio eta Aiako lursailetan. Bost urte pasatu dira Espainiako Gobernuak Motondoko ingurumen-balioak berreskuratzeko konpromisoa hartu zuenetik, 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzeko EH Bildurekin egin zuen akordioaren baitan. Eta bost urte geroago, oraindik hastapen-hastapenetan baino ez gaude. Etsigarria, benetan.

Gaineakoan, ministroak hezeguneei buruz duen diskurtsoa ona da, nola ez. Baina teorian naturgune hauen garrantziaren aitortza gero eta handiagoa den arren (are gehiago klima-larrialdiak eragindako ondorioen testuinguruan), praktikan, instituzioen aldetik ez dago hezeguneak leheneratzeko eta handitzeko esku-hartze irmorik. Proiektuak gutxi dira eta atzerapenak, berriz, izugarriak. Paradoxa hori gogoratu eta salatu nahi du Eguzkik. Izan ere, Hezeguneen Munduko Egunak propaganda egiteko baino zerbait gehiagorako balio beharko luke.

Etiquetas: