
Landetxa, Porcelanas Bidasoa biribilgunea, Pump Track azpian, arratsaldeko zortzietan. Pertsona batek ordua dela esan eta lapiko-jotzeari ekin dio. Zintzarriak, kazola-estalkiak, burruntzaliak... entzuten dira, eta Palestinako banderak "GENOZIDIOA STOP - PALESTINA ASKATU" dioen pankartaren ondoan astintzen dira.
Sei hilabete baino gehiago dira dagoeneko, "otsailaren bostean bete ziren sei hilabeteak" aipatu digu Mikelek, elkarretaratuetako batek. Urte erdia herri palestinarraren genozidioa salatzen.
"Badakigu guk ez dugula ezer lortuko, baina ezin gara etxean geratu ezer egin gabe eta, gainera, pasatzen ari diren gidariei gogorarazi nahi diegu Palestinako herriak sufritzen jarraitzen duela", esan digu Itziarrek, beste parte-hartzaile batek.
Palestina ez da jada komunikabideetan azaltzen, oso gutxitan agertzen da jasaten ari diren sarraskiari buruzko berririk. "Su-etena? Zer su-eten? Atzo Gaza berriro bonbardatu bazuten" komentatzen du Anek "eta ez ahaztu kolonoak Zisjordanian egiten ari direna" gaineratzen du Xabik.
Astelehenetik ostiralera, 20:00etatik 20:10era
Lanegun guztietan egiten dute kontzentrazioa, arratsaldeko zortzietatik aurrera, eta 10 minutu irauten du. Gaur 22 dira kontzentratuak.
Zortziak eta hiru minutu dira, eta atzerapen bat agertzen da, bandera zabalduta duela. "Eta bixerako hori ere konta ezazu" esaten digu Iñakik eta irribarrez gehitzen du: "egunero berandu datorrela".
Abuztuan eta irailean egun askotan 60 pertsona baino gehiago bertaratu dira, baina ordua aldatu zenetik eta negua iritsi zenetik kazeroladara joan diren pertsonen kopurua murriztu egin da. "Euri egunetan jende gutxien hurbiltzen da, 13 eta 15 artean ibiltzen gara, eta ez dago gaizki" esan digu Itziarrek.
Gehienak Landetxan bizi dira, noizean behin Irungo norbait hurbiltzen da eta egunero hendaiar bat etortzen da, esaten digute.
Gidarien animoak
Minutuak aurrera doaz eta furgoneta bat pasa da kontzentratuak bozina jotzen agurtzen. "Egunero, sostenguz, hainbat ibilgailuk jotzen dute bozina" esan digu Amaiak "eta horrek animoak ematen dizkigu, are gehiago euria egiten duenean". "Peineta ere egin digute, eta inproperioren bat bota digute", esan du Andonik, "baina horiek esku bateko hatzekin zenbatu daitezke".
Zortziak eta hamar dira, eta hasteko ordua zela ohartarazi zuen pertsona berak orain iragarri du amaitzeko ordua dela. Isildu egin da zintzarri, estalki eta kazoen hotsa, poltsara itzuli eta banderak jasotzen eta pankarta tolesten hasi baitira. Batzuk ziztu bizian ateratzen dira, eta gainontzekoak tertuliatik geratzen dira.
Bihar berriro gogoratuko digute Landetxatik pasatzen garenoi herri palestinarraren genozidioak oraindik ere jarraitzen duela.
