
Eguzki Talde ekologista eta antinuklearra.-Aingira europarra –eta, ondorioz, angulak– Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan sartzeko eskatu dio Eguzkik Eusko Jaurlaritzari, zehatz-mehatz, “galtzeko arriskuan” daudenen kategorian. Taldearen ustez, aingira oraindik Katalogoan ez egotea anomalia bat da.
Komunitate zientifikoan adostasun zabal baino zabalagoa dago: aingira egoera kritikoan dago, segurtasun-muga biologikoetatik kanpo. Hain justu, adostasun horretan du oinarri Eguzkiren eskaerak, eta Leandro Azkue Arrantza sailburuordeak 2025eko abenduaren 10ean Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldiari erreparatuta, badirudi Jaurlaritzak berak adostasun hori bere egin duela.
Sailburuordeak agerraldi hartan ezagutzera eman zituen datuak hain dira gogorrak, ezen Jaurlaritza ezin baita mugatu 2025-2026ko angula-kanpaina bertan behera uztera. Izan ere, datu horiei erreparatuta, berandu dabil aingira Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartzeko.
Agerraldi haren bideoetan ikus daitekeen bezala(1), Azkue ez zen hitz-erdika aritu. Datuak “eztabaidaezinak” direla esan zuen, eta, besteak beste, honako hauek aletu zituen:
- Gure errioetara gaur egun doi-doi iristen dira 70 eta 80ko hamarkadetan iristen ziren angulen %9a.
- Iaz, Gipuzkoa eta Bizkaiko arrantza-kuota 550 kilokoa izan zen (esan dezagun, bidenabar, aliritzira ezarritako kuota izan zela). Bada, horietatik 200 ere ezin izan ziren arrantzatu, anguleroek berek lonjan deklaratu zutenaren arabera, behintzat (ezta arrantzarako egunik aproposenak aukeratuta ere).
- AZTIri kuota berri bat kalkulatzeko eskatu zioten, txikia izan arren, ea aurten ere nola-halako angula-kanpaina ahalbidetu zitekeen. Ez zen modurik izan, datuak “ukaezinak” direlako, Azkuek esan bezala.
- Angula Kudeatzeko Plana 2008tik indarrean dagoen arren, “ez dago espeziea suspertzen ari den zantzurik”, “ez gara EBren heleburuetara hurbiltzen ari”, eta “arrantzaren ondoriozko hilkortasunak ere gora egiten jarraitzen du, behera egin ordez”. Errealitatea “egoskorra” da, laburbildu zuen sailburuordeak.
- Halaber, angula-arrantza bertan behera geratzeak izan dezakeen eragin sozioekonomikoa oso txikia dela agerian utzi zuen, horren inguruko hainbat daturen berri emanez.
Horregatik diogu, sailburuordeak eman zituen datuak eta horiei buruz egin zuen irakurketa ikusita, aingira oraindik Espezie Mehatxatuen katalogoan ez egotea anomalia bat dela. Datu horien arabera, aingirak Katalogoan egon behar du eta, gainera, “galtzeko arriskuan” kategorian, hau da, “beren egungo egoera txarra eragiten duten faktoreek indarrean jarraituz gero, bizirik irauteko probabilitate txikia duten” espezieei dagokien kategorian(2). Kategoria horretan sailkatuta daude ugatza, igaraba, muturluzea, bisoia eta lamproia, beste hainbat espezierekin batera.
Ministerioak aingira galtzeko arriskuan deklaratzeko egin duen proposamenari buruz
Egunotan albiste izaten ari da Trantsizio Ekologikorako ministro Sara Aagesenek aingira “galtzeko arriskuan” deklaratzeko eta LESPREn sartzeko proposatuko duela. LESPRE (Listado de Especies Silvestres en Régimen de Protección Especial) espezie mehatxatuen katalogo estatala da. Aagesenek proposamen hori Basa Flora eta Faunaren Batzordeak otsailaren 17an egingo duen bileran defendatuko du, erkidego autonomikoen ordezkarien aurrean, Batzordean erkidego autonomikoek ordezkatuta baitaude(3).
Eguzkin ez dugu duda egiten Eusko Jaurlaritzak proposamena babestuko duela. Egia esan, Jaurlaritzak azken urteotan angularen inguruan egin duen politika penagarria izan da, baina azkenean nolako ondorioetara iritsi den ikusita, ez litzateke koherentea izango Ministerioaren proposamena ez babestea.
Nolanahi ere, Flora eta Fauna Batzordearen erabakiek, edozein direla ere, ezin dute traba izan Jaurlaritzak, bere eskumenak baliatuta, aingira Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan sar dezan.
OharraK:
- Agerraldia Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Batzordean egin zuen, 2025eko abenduaren 10ean. Horri buruzko Eusko Legebiltzarra - Hasiera – webgunean aurki daiteke. Sailburuordearen interbentzio nagusia: Bideoak
