Osasun Sailak iaz hartutako konpromisoak ate atzean geratu direnez, Bidasoa Ospitaleko larrialdi pediatrikoak berreskuratzeko exijitu dute 3.000 lagunek Irunen.
Kontzentrazioan irakurritako testua
Arratsalde on denoi!
Ongi etorri!
Eskerrik asko gaur hemen egoteagatik eta bidasoan kalitatezko osasun publikoaren alde egiteagatik!
Duela urtebete pasatxo plaza honetan bertan elkartu ginen pediatriako larrialdiak berriz irekitzeko, haur eta gazteen psikiatriako kontsulta berreskuratzeko eta osasun publikoaren narriadura salatzeko.
Egun hartan ia 12.000 lagun bildu ginen, Bidasoa eskualdean gogoratzen den mobilizaziorik handienetako batean. Osasun Sailak herritarren haserrea eta kezka kontuan hartuko zituela esan zuen, baina urtebete geroago egoerak okerrera egiten jarraitzen du.
Bidasoko osasun publikoa une oso larrian dago. Ikusten ari garena ez dira arazo isolatuak; bata bestearen atzetik datozen arazoak dira.
Lehenik pediatriako larrialdiak itxi zituzten.
Ordutegiak zabaltzea eta pediatra gehiago egongo zirela iragarri zuten, baina promesa horiek ez dira bete, eta sei hilabete baino gehiagoz anbulatorioak ia pediatrarik gabe egon dira.
Bidasoa Ospitaleko larrialdietako eta Irungo Erdialdeko PACeko profesionalek langile falta, lan-karga handia eta txandak betetzeko arazoak salatzen dituzte.
Asko nekatuta daude eta sentitzen dute ez zaiela kasurik egiten. Batzuk beste eskualde batzuetara joatea ere pentsatzen ari dira.
Dagoeneko medikurik gabeko txandak izan dira PACean.
Ospitalean ere ez da arraroa behar direnak baino mediku gutxiagorekin lan egitea.
Zerbitzu gehiago galtzeko benetako arriskua dago.
Ez dugu onartuko inork Donostiara joan behar izatea hemen eman beharko litzatekeen larrialdi-arreta jasotzeko.
Baina arazoak ez dira hor amaitzen.
Itxaron-zerrendek hazten jarraitzen dute.
Osasun mentaleko arreta ez da nahikoa: profesional gutxiegi daude eta instalazioek ez dituzte gutxieneko konfidentzialtasun-baldintzak betetzen.
Gero eta pertsona gehiago bidaltzen dituzte eskualdetik kanpoko zentro pribatuetara kontsultak, probak edo ebakuntzak egitera.
Eta horrela, arazo baten atzetik beste bat dator.
Bidasoko herritarrok merezi duguna baino gutxiago jasotzen ari gara.
Gaur hemen gaude nahikoa dela esateko.
Aski da.
Aski da bete gabeko promesekin.
Aski da murrizketekin.
Aski da gure osasun publikoa ahultzen duten erabakiekin.
Bidasoa Ospitalean eta Irungo PACean larrialdi-zerbitzu sendoak nahi ditugu.
Profesional nahikoak nahi ditugu.
Gertuko eta kalitatezko arreta nahi dugu.
Ez dugu ilargia eskatzen.
Ez dugu aparteko ezer eskatzen.
Geneukana eta inoiz galdu behar ez genuena berreskuratzea eskatzen dugu.
Gure eskubidea da, eta hori lortu arte mobilizatzen jarraituko dugu.
MILA ESKER DENOI HEMEN EGOTEAGATIK!


