Eguzki, Talde Ekologista eta Antinuklerra.- Jaizkibel-Capbreton Itsas Eremuaren kudeaketa-plana egiteko pausoak erreklamatu dizkio Eguzkik Trantsizio Ekologikoko Ministerioari.
Izan ere, iazko otsailean, Europako Batzordeak eremu hori Garrantzi Komunitarioko Leku (GKL) deklaratu zuen, Natura 2000 Sarearen barruan (1). Urtebete pasatu da, ordea, eta Eguzkin, behintzat, oraindik ez dugu eremua kudeatzeko egin behar den planaren berririk. Horra erreklamazioaren arrazoia.
Legearen arabera, GKLak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) bihurtu behar dira, eta horretarako kudeaketa-planak “ahalik eta lasterren” idatzi, izapidetu eta onartu egin behar dira. Alde handia dago: GKL izendatu izanak eremuari behin-behineko babes generikoa ematen dio; KBE bihurtzeak, berriz, babes zehatza.
Legea argia da (2): administrazio eskudunak, kasu honetan Espainiako gobernuak, sei urteko epea du, “gehienez”, GKLa KBE bihurtzeko eta, ondorioz, kudeaketa-plana onartzeko. Gehienez sei urte, bai, baina betiere, arestian esan bezala, “ahalik eta lasterren” egiteko printzipiotik abiatuta. Alde horretatik, Natura 2000 Sarea Kontserbatzeko Jarraibideek “praktika ona” kontsideratzen dute kudeaketa-planaren abiapuntuan dagoen parte hartze publikoaren prozesuari “lehenbailehen” ekitea (3). Urtebete pasatu da, ordea, eta prozesu horren zantzurik ez dago. Hau ez da “lehenbailehen”, ezta “praktika ona” ere.
Jaizkibel-Capbreton Itsas Eremuak 1.500 km2-ko zabalera du. Igeldoko itsaslabarretatik Higer lurmuturreraino iristen da, eta hortik itsas zabalera hedatzen da, 2.000 metroko sakoneran dagoen Capbreton urpeko fosaraino (4).
Batasunaren intereseko espezie eta habitat naturalen presentziagatik nabarmentzen da: itsas ugaztunen populazioak –hala nola izurde handia–, itsas arrezifeak, urpeko kobak… Biodibertsitatea nahiz arrantza-baliabideak zaintzeko funtsezko ekosistemak dira.
Jaizkibel-Capbreton Itsas Eremua babesteko ekimena Oceana nazioarteko fundazioak eta Euskadiko Biologoen Elkarte Ofizialak 2010ean egin zuten proposamen zientifiko batetik eratorri da. Eguzkik eta beste talde batzuek proposamen hura berehala geure egin genuen eta urte hauetan guztietan aldarrikatu dugu.
Europako Batzordeak Jaizkibel-Capbreton Itsas Eremua Garrantzi Komunitarioko Leku deklaratzea mugarri bat izan zen, albiste bikaina, baina jarraipena eman behar zaio, noski. Izan ere, ikusi dugun bezala, Legeak berak ere hala eskatzen du. Horretarako, kudeaketa-plana ezinbestekoa da, helburuak finkatzeko, erabilerak ordenatzeko eta hainbat arazori aurre egiteko, hala nola, ur kutsatuei, gehiegizko arrantzari edota jarduera nautiko intentsiboei.
Oharrak:
- Decisión de Ejecución (UE) 2025/244 de la Comisión, de 7 de ebrero de 2025, por la que se adopta la decimoctava lista actualizada de lugares de importancia comunitaria de la región biogeográfica atlántica [notificada con el número C(2025) 739] ↑
- BOE-A-2007-21490 Ley 42/2007, de 13 de diciembre, del Patrimonio Natural y de la Biodiversidad. Título II, Capítulo III. ↑
- Apartado 3.3 de Directrices de conservación de la Red Natura 2000 en España (2024) ↑
- Gobernu espainolak Jaizkibel-Cabreton Itsas Eremuaren ezaugarriak zehaztu zituen Europako Batasunari Garrantzi Komunitarioko Leku deklaratzeko egin zion proposamenean. Dukumentu horretan bertan mapa bat ere ikus daiteke. Dokumentu berean, Jakizkibel-Capbreton ez ezik beste itsas eremu batzuk ere ageri dira: BOE-A-2023-26741 Orden TED/1416/2023, de 26 de diciembre, por la que se aprueba la propuesta para la inclusión de seis espacios marinos protegidos en la lista de lugares de importancia comunitaria de la Red Natura 2000 y se declaran dos zonas de especial protección para las aves en aguas marinas españolas. ↑

