
Dozenaka irundarrek, hiriko hainbat eragilek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean San Juan plazan. “Henry Mendez kanpora”, “indarkeria matxistari aurre egin”, eta “faxistak kanpora” leloak oihukatu zituzten bertan izan zirenek irakurketarekin hasi aurretik. Gaur (hilak 27, larunbata) du ematekoa hirian Henry Mendezek kontzertua, sanmartzialen testuinguruan, 22:30ean San Juan plazan bertan.
Kontzentrazioan irakurritako testua
Henry MendEZ! kontzertua bertan behera uzteko eskatzen diogu Irungo Udalari
Irungo jaiak guztiontzako espazio herrikoi, seguru eta gozagarria izatea nahi dugu. Jaiak ez dira soilik aisialdirako uneak: herri gisa sustatu nahi ditugun balioen isla ere badira. Horregatik, ezin dugu onartu jarrera matxista eta ultra-eskuindarrekin lotutako artista bat gurea Ospatzea, are gutxiago diru publikoz kontratatzea.
Ekainaren 27an, 22:00etan, San Juan plazan Henry Mendezen kontzertua dago iragarrita. Irungo Udalak, nahita edo nahigabe, hanka-sartze galanta egin du. Baina badu tartea okerra zuzentzeko, kontzertua bertan behera uzteko, alegia.
Oholtza gainean “rojoak” gorroto dituela adierazi izan du Herny Mendezek, eta Santiago Abascal bezalako ultra-eskuineko erreferenteen alde egin du. Horrez gain, sexu-erasoagatik 8 urteko zigorra jaso duen Rafa Mir futbolariari babes-mezu publikoa bidali dio: “Animo crack!”. Horrelako jarrerak borrokatu egin behar ditugu: gorroto politikoa elikatzen dute eta indarkeria matxistaren aurrean erasotzaileekiko konplizitatea normalizatzen dute.
Horregatik diogu Henry Mendez, eta haren ideiak, ez dela ongi etorria Irunen. Jarrera matxista, baztertzaile eta ultra-eskuindarrek ez dute lekurik gure jaietan, are gutxiago udalaren babesarekin eta diru publikoarekin antolatutako ekitaldi batean.
Ez da salaketa isolatu bat. Gogorarazi nahi dugu Madrilen bertan PSOE-k PPren gobernuari eskatu ziola Vallecasen Henry Mendezek eman behar zuen kontzertua bertan behera uzteko, haren adierazpen publikoak onartezintzat jota. Irungo PSE-EE-ri bere alderdikideek egina baino ez diogu eskatzen, koherenteak izatea, alegia.
Esan dugunez, banka sartu badu ere, Irungo Udala garaiz da erabakia zuzentzeko. Horretarako modu bakarra erabakia hartzea da: Henry Mendezen kontzertua bertan behera utzi behar du, ahalik eta lasterren gainera.
Bestelako erabaki oro ulergaitza litzateke. Kontzertua mantenduz gero, ulertuko dugu Irungo Udalak Henry Mendezen jarrerak babestu edo, gutxienez, normalizatu egiten dituela.
Guk publiko egin dugu gure eskakizuna. Zentzu berean, Irungo Udalari bere erantzuna irungo hiritarrei komunikatzea eskatzen diogu, modu publiko eta gardenean.
Henry MendEZ!
Irungo jaietatik kanpora
