
Adiskidetuak.- Gure eskualdean atzerritarrei arreta, orientazioa eta laguntza eskaintzen dien Adiskidetuak elkartetik, gure atsekabe sakona adierazi nahi dugu Babacar Weleren heriotzagatik. Trailaren 28an hil zen Hondarribian, polizia-esku-hartze baten testuinguruan.
Gure elkarteak Babacar ezagutu eta artatu zuen hainbat urtez. Horregatik, egun hauetan komunikabideetan agar daitezkeen informazio, gertakariaren inguruabar eta aurrekariez harago, guk, batez ere, ezagutu genuen eta bere bizitzako hainbat unetan lagundu genuen pertsona bat gogoratzen dugu.
Bertatik bertara ezagutu genituen bizi izan zituen zailtasunetako batzuk, eta badakigu haren egoera pertsonala eta soziala konplexua zela. Horregatik, hain zuzen ere, uste dugu gertatutakoak haren bizitzako azken minutuetatik harago doan begirada ere merezi duela.
Abian den ikerketari dagokio esku-hartzearen guruetan Zehatzak zorroztasunez eta gardentasunez argitzea eta gertakariak nola jazo ziren zehaztea. Gure elkartearen ustez, ezinbestekoa da prozesu hori errespetatzea eta ondorio presazkorik ez ateratzea gertatutakoa argitzeko Beharreko elementu guztiak izan arte.
Aldi berean, beharrezkoa iruditzen zaigu hausnarketa zabalago bat egitea.
Urteetan zehar hainbat baliabide, zerbitzu eta erakunderen artatik igaro den pertsona batek halako egoera dramatikoetan bizia galtzen duenean, denon artean galdetu behar diogu geure buruari zer gertatu den ibilbide horretan zehar, eta gure arreta sozial, sanitario eta instituzionaleko sareak behar adina baliabide, koordinazio-mekanismo eta esku hartzeko gaitasun ote dituen Kalteberatasun bereziko egoerei erantzuteko.
Atzerritarrekin zuzenean lan egiten dugun elkarteok badakigu espediente bakoitzaren atzean historia pertsonal bat dagoela. Batzuetan, prekaritate-, isolamendu- edo integrazio-zailtasunak eta bestelako egoera konplexuak izaten dira, eta horiek erantzun koordinatuak, espezializatuak eta denboran iraunkorrak eskatzen dituzte.
Amaiera tragiko honek ez luke balio behar liskarrak sustatzeko, ezta kolektibo bati buruzko orokortzeak egiteko ere. Era berean, ez dugu uste halako larritasuna duen egoera bat pertsona baten aurrekariak soilik kontuan hartuta uler daitekeenik, ezta egun horretan gertatutakoetara bakarrik mugatu behar denik ere.
Gertatutakoak baliatu behar genuke, halaber, geure buruari galdetzeko zer tresna ditugun muturreko egoerak prebenitzeko, nola koordinatzen dren zerbitzuak pertsona batek kalteberatasun-faktore ugari pilatzen dituenean, eta zer hobetu dezakegun, erakunde eta gizarte gisa, antzeko egoerak berriro gerta ez daitezen.
Gure doluminak helarazi nahi dizkiegu haren senide eta gertukoei, baita Hondarribiko eta Bidasoa eskualdeko Senegalgo komunitateari ere.
Era berean, errespetua adierazi nahi diegu larritasun handiko egoera horretan inplikatutako pertsona guztiei, eta espero dugu ikerketak gertatutako guztia argitasunez eta gardentasunez argitzeko aukera ematea.
Gaur, bereziki, gogorarazi nahi dugu albiste honen atzean pertsona bat zegoela.
Urteetan zehar ezagutu, artatu eta lagundu genuen pertsona bat.
Haren heriotzak gertakariak zorroztasunez argitzea merezi du, baina baita hausnarketa kolektibo serio bat egitea ere: gizarte gisa nola prebenitzen, artatzen eta laguntzen diegun kalteberatasun bereziko egoeran dauden pertsonel.
