Lehenik Herria! Larunbatean kontzentrazioa Irunen

Non: 
San Juan Plaza
Data: 
Larunbata, Azaroa 7, 2020 - 12:00 -tik Igandea, Azaroa 8, 2020 - 11:55 -ra
Antolatzen du : 
Sortu Irun

non dago diru publikoa kartela

Sortu Irun.-Garai zailak bizi ditugu eta egunetik egunera egoera larriagotzen ari da.

Ezjakintasuna, ziurgabetasuna, kezka, desanimoa, beldurra, etsipena, noraeza etabar luze bat areagotzen ari da gure inguruan.

Egoera eta otzantasun horretan pandemia eta krisiaren zama beste behin herritarron eta langileon bizkar gainean jarri nahi digute, beti Kapitalaren mesedetan. Baina errua ez da jendearena, arduragabekeria gobernuena da. Aski da.

Bada garaia beldurrari aurre egin, eta iparra galdu gabe, ezkerraren diskurtso eta praktika indarrez berreskuratzeko. Argudioekin, taktikarekin eta segurtasun eta zuhurtzia osoz mobilizatu eta kalera ateratzeko unea da.

Horregatik, larunbat honetan, Azaroak 7, 12:00etan San Juan plazan burutuko dugun elkarretaratzearen gaineko informazioa helarazten dizuegu

Non dago diru PUBLIKOA? LEHENIK HERRIA

Une zailak bizi ditugu. Ziurgabetasun handia bizi dugu. Zinez ez dakigu bi edo hiru aste barru zein egoeratan egongo garen. Horregatik egin nahi diegu lehen aipamena autonomoei, negozio txikiak dituzuen jendeari, kultur munduko langile eta sortzaileei, jan ahal izateko bi edo hiru lan dituzuenei, hilabete bukaerara iristeko inoiz baino zailtasun gehiago dituzuenoi, osasun langile eta zaintzaileei, Zuekin gaude eta, orain arte bezala, gure onena emango dugu egoera zail hau lehen bait lehen gainditu eta inor bazterrean gera ez dadin.

Egoera oso larria da. Milioi bat biztanleko hildako kopuru handiena duen hirugarren herrialdea gara mundu mailan. Europako kutsatze maila altuenetakoa dugu. Eta hospitaleetatik jada SOS dei bat egiten ari dira berriz ere. Ipar Euskal Herrian jada konfinatuta daude eta Hegoaldean egun gutxitan egoera berean egon gaitezke.

Egoera honetara iritsi izanaren ardura osoa jendearen gain botatzeko interesa dago. Baina ardura nagusia etxekolanak egin ez dituzten gobernuena da. Udaberrian etxean konfinatuz herritarrok egin genuen ahale-gina ez dute baliatu birusari aurrea hartzeko. Ez dituzte beharrezko inbertsio publikoak egin osasungintzan, hezkuntzan eta laguntza sozialetan. Kontrara, koronabirusa gainditutzat eman dute erlaxamendu orokorra bultzatuz, interes ekonomiko jakin batzuen mesedetan. Guztion buruan dago iltzatuta Urkullu eta Revillaren argazkia Kantabriako mugan.

Martxoan berandu eta gaizki ibili ziren eta orain ere hala ari dira. Berriz ere halako ahalegin bat eskatuko badigute, oraingoan bai, egin beharreko inbertsio guztiak egin behar dira. Ezin gara balizko hirugarren olatu batera egoera honetan iritsi.

Helburua, esan izan dutenez, “birusarekin elkarbizitzea” izan da ekonomia salbatzeko. Bada, emaitza argi dago zein den: ez osasuna eta ez ekonomia. Argi esan behar dugu: osasunik gabe ez dago ekonomiarik. Biru-sa geldiarazteko arakatze aparatu potente bat osatu behar da eta neurri zorrotzak garaiz hartu, neurri horiek atzeratzeak birusa deskontrolatu ondoren are neurri zorrotzagoak hartu behar izatea baitakar.

Osasunean inbertsio publikoak biderkatzearekin batera, sektore sozial eta ekonomiko kaltetuenak babesteko laguntza ekonomikoak biderkatu behar dira. Krisi hau ezin dugu betikoek ordaindu. Eta ez dezatela esan dirurik ez dagoela, ze badago.

Azkenik, datorrenerako prestatu behar gara. Aste gogorrak datoz. Berriz ere elkar zaintzeko deia egiten dugu, arduraz jokatzekoa. Eta bestetik, inbertsio publikoen alde, laguntza sozialen alde eta funtsean, eraldaketa ekonomiko eta sozialaren alde eta burujabetzaren alde mobilizatzen, borrokatzen segitzeko deia luzatzen dugu.

Herri honek duen sen komunitarioa, gure baliorik onenak aktibatzeko garaia da berriz ere: elkartasuna, au-zolana eta interes indibidualen gainetik, interes kolektiboen alde dema ematea. Hori da esperantzaren atea zabaltzeko giltza.

Etiquetak: