Irailaren amaieran bi ekimen berezi antolatuko dituzte BorBor hausnarketarako plaza kolektiboak, Parean Elkarteak, Bidasoa Etorkinekinek eta Irungo Harrera Sareak elkarlanean, arrazakeriaren aurkako borroka eta mugen inguruko gogoeta erdigunean jarriz.
Lehen hitzordua irailaren 25ean izango da, arratsaldeko 19:00etan, Irungo Larreaundi-Olaberriako auzo elkartearen lokalean (Iñigo de Loiola kalea). Bertan, Jeanne Rolande Dacougna ekintzaile feminista eta arrazakeriaren kontrako militanteak hitzaldia eskainiko du. Bere ibilbide pertsonal eta kolektibotik abiatuta, arrazakeriaren aurkako borrokan zentraltzat jotzen diren giltzarriak azalduko ditu, hausnarketa eta eztabaidarako gonbidapena luzatuz.
Bigarren ekimena irailaren 30ean izango da, arratsaldeko 18:00etan, Irun eta Hendaia lotzen dituen Avenida zubian. Hain zuzen ere, mugaren erdigunean egingo da Ignacio Mendiolaren “La danza de las luciérnagas” (Katakrak, 2024) liburuaren aurkezpena, Bidasoa Etorkinekin elkarteko Eñaut Aramendi eta Irungo Harrera Sareko Oihana Galardiren parte hartzearekin. Lanak 2018az geroztik Bidasoa ibaian bizitako krisi migratorioa aztertzen du, eta mugen izaera arrazista azpimarratzen du. Aurkezpenarekin batera, Asier Gogortzaren dantza garaikideko emanaldia eskainiko da, eta muga pasatzen saiatu eta bizia galdu duten bederatzi pertsonen oroimenezko omenaldia egingo da.
Bi ekimen hauek helburu bera dute: arrazakeriaren eguneroko errealitatea eta mugen politikek sortzen duten sufrimendua ikusgai jartzea, aldi berean hausnarketa, elkartasuna eta erresistentzia kolektiboa sustatuz.
Antolatzaileak: BorBor hausnarketa kolektiborako plaza, Parean Elkartea, Bidasoa Etorkinekin eta Irungo Harrera Sarea.