BDSKoop.- Mundu zirkular batean ekoizpen eredu linealarekin jarraitzea ezinezkoa dela dakigu aspaldi, eta ondorioz, galdera nagusia da: nola egin ekonomia era zirkularrean? Galdera horri erantzun zion aurreko kurtsoan BDSKoop Elkarteko Behatokiko ikerketak, “Ekonomia zirkularra elikadura alorrean Behe Bidasoan” eta agerikoa ematen badu ere, ondorio argi bat da ekoizpen kateko fase guztiak maila lokalean era oso aktiboan eduki ezean ezinezkoa dela gure mundua bizirautea lortuko duen ekonomia aktibatzea. Amanda Santos biologoak Behatokiko azterketa aurkeztuko du Irungo Palmera Montero gunean apirilaren 25ean.
Apirilaren 25ean, ostirala, 11:00etatik 13:00etara, Irungo Palmera Montero gunean izango da Bidasoaldeko Ekonomia Sozialeko Foroetako hirugarren saioa. Ekonomia zirkularraren ikuspegitik, elikadura sistemek eta lehen sektorearen egoerak duten garrantzia izango dute ardatz, eta Amanda Santos izango da hizlari gonbidatua: Biologian graduatua eta Ekonomia Sozialean espezializatua.
“Irunen ekonomia zirkular baten aldeko apustua egiteko, ezinbestekoa da lehen sektorea berpiztea eta tokian tokiko ekoizpena sustatzea.” ebatzi du BDSKoop elkarteko “Behatoki”-ko azterketak.
Ukaezina da elikadura sistemaren birpentsatzea premiazkoa dela, are gehiago jasangarritasuna eta tokiko autonomia bilatzen baditugu. Behatokian egindako azterketan, Amanda Santosek azpimarratu du ekonomia zirkularra ezin dela osotasunez garatu lehen sektore sendo bat gabe. Gaur egun, Bidasoaldean sektore hau galzorian dago, eta horrek arriskuan jartzen du tokiko elikadura-sistema osasuntsu eta jasangarri bat eraikitzea.
Amanda Santosen azterketak hainbat proposamen konkretu jasotzen ditu, ekonomiaren zirkularidadea elikadura alorrean bideratzeko. Hona hemen nagusiak: ekoizpenaren birkokapena (lehen sektore indratsu bat eratzea), elikagai xahuketaren murrizketa, hondakin organikoen kudeaketa optimizatzea eta ohitura-aldaketa eta herritarren parte-hartzea.
Hilabetez hilabete ikerketa bakoitza aletuz ari gara Bidasoaldeko ESE Foroetan, eta oraingo honetan, ekonomia zirkularraren ikuspegitik elikadura arloko aukerak izango ditugu hizpide. Behatokian jasotako “Ekonomia zirkularra elikadura arloan Behe Bidasoan” ikerketa lanaren aurkezpenera gonbidatzen zaituztegu. Hitzaldiaren ostean, galderak eta zalantzak argitzeko tartea edukiko dugu.
Hizlaria: Amanda Santos, Biologian Graduatua eta Ekonomia Sozialean berezitua.
Hizkuntza: Gaztelania
Informazio gehiago: behatokia.bdskoop.eus/ekonomia-zirkularra/