Lakaxita gaztetxea.- Lakaxita gaztetxea enegarrenez erasotu dute faxistek eta ekintza hauek salatzeko erabakia hartu dugu. Hainbat eta hainbat dira gure gaztetxeak azken bi ikasturtetan pairatu dituen erasoak, eta azken honek berriro kalera irtetea eragin digu.
Euskal Herri osoan gaztetxeek egun bizi duten testuinguru politikoa zapaltzailea da. Sastraka gaztetxea, Errekalde gaztetxea, Kiñu gaztetxea eta Donostiko Guardetxearen desalojoak eta desalojo arriskuak ikustea besterik ez dago. Donostiko gazteek 32.000 euroko isuna jaso berri dute. Eraisketen eta desalojoen bidez, kultura, militantzia, gazteen espazioak eta alternatibak suntsitzen ari dira eta besoak gurutzatuta eta obediente egotea nahi dute. Desio dezatela sistemaren sustengatzaileek miseria, guk bitartean, zutik, tinko eta indartsu jarraituko dugu faxismoaren mekanismo guztien aurrean. Ezinbestean, gaztetxeen saretzea elikatuko dugu.
Halaber, etxera begira jarrita eta hankak lurrean, ez ditugu ahaztu nahi Bidasoko beste hainbat mugimendu, antolakuntza eta sare autogestionatuak, eta mezu argi bat zabaldu nahi diegu: elkarrekin lan egiten eta borrokan jarraitu behar dugu.
Irungo eta Bidasoako espazio okupatu eta autogestionatu bakarra da Lakaxita eta horregatik, faxistek etengabe erasotzen egotea ez da kasualitatea. Faxistek sistemaren edozein alternatiba suntsitzea dute helburu, zapaltzea eta isilaraztea eta gaztetxeak dituzte jo mugan, besteak beste. Baina gurekin ez dute lortu, eta ez dute lortuko. Eraso bakoitzari erantzun diogu eta gure etxea defendatzeko antolatu egin gara. Biba gu ta gutarrak!
Horrez gain, Lakaxitaren etorkizunari buruzkoak eguneratzeko probestu nahi dugu komunikatu hau ere. Datorren hilaren 11n hasiko dira San Miguel-Anaka eremuan baita Sancheskiren lurretan ere etxebizitzak eraikitzen eta oraindik ez dakigu zein den Lakaxitaren etorkizuna. Plano eta informazio kontrajarriak jaso ditugu. Garai gazi gozoak dira gaztetxearentzat: faxisten eraso etengabeak eta udalaren isiltasuna gure eraikinaren eta lursailen etorkizunaz.
Horregatik, dei egiten diegu eskualdeko mugimendu sozial guztiei Lakaxita defendatzera. Sistemak bere atzaparrak atera dizkigu eta orro egiteko garaia da.
LAKAXITA ORROKA, LAKAXITA BORROKAN!!!!

