Manifestazio zaratatsua #25N-agatiko datorren astelehen honetan

Azaroaren 25a berriro heltzear da, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako eguna, eta tamalez, berriz ere, salaketa eguna izan behar du. TAS osatzen dugun eragileok berriz ere batu eta egun honetan salaketa kolektiboa egin nahi dugu.
Indarkeria matxista, sexista, emakumeonganakoa... milaka izen ditugu egoera berdinaz hitz egiteko. Baina honek badu bere eragina, izenen dantzan galdu egiten gara, eta indarkeriaren beraren izaera eta sakontasunaz ahaztu egiten gara. Indarkeriak baditu milaka aurpegi, latzenez hitz egiten ibili gara egun hauetan. Zenbat erahildako, zenbat salaketa... jipoiez eta mehatxuez hitz egin dugu. Eta bai, bada errealitate bat, errealitate oso gogor bat. Eta honetaz hitz egin behar dugu, salatu behar dugu eta kalera atera behar dugu, orain arte egiten ibili garen moduan.



