Sortu Irun.- Kapitalismoaren kontrako borroka zeharkatzen duen bulkada da Auzoviet. Pasa direnak, egungoak eta etorriko direnak. Hau horrela da, gure bizitzen eta bizi lurraldeen burujabetza berreskuratzeaz ari garelako, kapitalaren logika esplotatzaile eta autoritarioaren aurrean.
“Omnia sunt communia” oihuaz altxa ziren nekazari alemanen borroka zeharkatzen du, baita makinismo alienantearen aurrean planto egin zuten luddistena ere. Sozialismo utopikoaren saiakeretan dago, dela Fourier-en Falansterioetan zein Owen-ek sustaturiko Rochadaleko lehen kooperatibismoan. Pariseko komuna piztu zuten emakumeen bulkadan dago, hiria babesten zuten kanoiak entregatzeari uko eginez matxinatu zirenean. Ezbairik gabe lehenengo internazionalaren teoriko izan ziren Marx eta Bakunin-en teorizazioek auspoturik, mendebaldeko txoko guztietan piztu ziren askapen ortzi mugen parte da. 190-eko eta 1917-ko sovieten mugimendua zeharkatzen duen idei-indarra. Kapitalak mundu erdia gerrara bultzatu zuenean oso presente egon zen sugarra: Rosa Luxemburgo eta Espartakisten borroka, Mantxuriako komuna erraldoia, Bartzelonako komunan edota Argoiko kolektibizazioak dira adibide batzuk. Zapalketa kolonial testuinguruetan, Che-k, HoChiMinh-ek, Fanon-ek eta beste askok berreskuratu zuten ideia, Argelia, Bolivia, Cuba, Vietnam, Argentina, Nicaragua edota El Salvador-eko altxamenduetan.
Noski Euskal Herri errebeldearen borroka ere bada. Klase edota nazio kontzientzia argi bat eduki baina lehenago ere presente dagoena. Matxinadak mugiarazi zituen bulkada 1776an, indartzen ari zen lehen euskal burgesia merkantilistak zeraman gari espekulazioaren aurka. Esplotazioaz zartatua, euskal nekazariak karlisten bandoan borrokatzera bultzatu zituen desira. Gure lurraldeetan kapital industrialaren kontra eta klase autonomiaren alde egin ziren lehen greba handi eta gordinen bultzada: Meatzetako greba handia eta XX.mende hasierako klase talka. Klase popularren emantzipazio bidean botere kota handiak lortu zituzten mugimenduak, zeinak altxamendu militarra eta diktadura basatia izan zuten erantzun. Odolustuketaz akabatzen saiatu ziren izpiritu askatzailea, gutxira berpiztuko zena. Indar berrituz, ulertu zenean lur hauetan zapalkuntza nazional eta soziala txanpon beraren bi aurpegi direla, eta hortaz, independentzia eta sozialismoa dela kate kapitalista kolpatzeko proiektu estrategikoa. Euskal Herrian kataia ahulagoa duen kate mundial eta basatia.
Ezbairik gabe, munduko leku anitzetatik kolpatua izaten ari den katea. Lakandonako oihanetik Zapatistak, erresistentziaz eta konfederalismo demokratikoa praktikara eramanez Rojava-tik kurdistan osora, Argentinako lantegi berreskuratuetatik, langile klaseak langile klasearentzako egina. Eta nola ez Hego Amerikako itsas argia den Venezuelatik Bolibartarretik, zeinak itotze saiakera inperialista basatiaren aurrean ere komunen konfederazioa eraikitzeko borroka ez duen alboratu.
Baina Auzoviet bada ere gaur eta hemen murgiltzen gaituzten borroka ugari zeharkatzen dituen haria. Etxebizitza duin baten aldeko borroka, emakume askok zaintza lanen duintzearen alde erresidentzia eta espazio anitzetan darabilgun borroka, pentsio duinen aldeko borroka, tokiko kurrikulum-en aldeko lana edota euskararen normalizazioaren aldeko borroka. Migrazio politika kriminalaren eta honek sortzen dituen drama humanoen aurkako borroka. Prekarizazio orokortuaren kontrako borroka eta honen kontura negozio egiten duten putre askoren aurkako plantoa: Apustu etxeak, ETT-ak edota enpresari asko. Zamaketarien greba, amiantoaren biktimen aldarriak, metalaren borroka edota txikian, oihartzunik gabe egunero lan zentroetan ematen diren talkak. Turistifikazioaren bidez gure lurraldearen merkantilizazioaren kontrako borroka edota landa guneen hustuketaren aurkako borroka. Honen aurrean eremu guztietan alternatiba ekonomiko eta kontrabotere eremuak eraikitzeko eguneroko txinaurri lana.
Auzoviet eguneroko erabakiak hartzeko gaitasuna, eguneroko subirautza berreskuratzeko bulkada popularra delako. Herri subirautza proiektua, zeina egun, ezinbestean hiri testuinguruan borrokatzera egokitzera behartua dagoen. Mundua bezala Euskal Herria metropolitaniazio prozesu batean dago murgildua eta beraz, eraldaketa egun iraultza urbanoa gauzatzeko estrategiei lotua dago. Globalizazio neoliberalaria aurre egiteko dinamika urbanoak eraiki, honen logikak etengabe xurgatzen bai digu subirautza eta erabaki gaitasuna, ekonomiak, politikan, kultural zein aspektu sozialean. Gure auzoetan, gure bizi eremu gertukoenean indartsu egitetik pasatzen da etorkizuna. Aurrez aurreko harremanak berreskuratu, auzokide elkartasuna, antolaketa herrikoia, ehun komunitarioa eta horrela egunerokoan gure bizitzak nolakoa izan behar diren kolektiboki erabakitzeko boterea kolektiboki berreskuratu. Behetik, kaletik, auzotik, Auzoviet-ari bizitza emanez. Biztanle hutsak izatetik erabaki subjektu bilakatzera. Auzoa politizatu hau antolatuz, eta gure etorkizunak amestu, planifikatu eta eraikitzeko plataforma bilakatu. Auzoviet-a egin.
Honela Auzoviet behetik, modu herrikoiean gure bizitzen gaineko kontrola berreskuratzeko proiektu estrategikoa da. Era berean, gure bizi baldintza eta duintasuna etengabe zartatzen dituen makinaria kapitalistaren aurkako amorrua ere bada Auzoviet. Finean, kapitalaren kontrako modernitateko borrokak alderik alde zeharkatzen dituen bulkada da, eta jasoa eman dezakeen hitz jarioaz harago, oinarrizko idei eta jarrera sinple bat jasotze duena: Bizitza duinak eraikitzeko nahia gure bizitzen jabe izanez. Ondo eta zoriontsu bizi.
Kamiseta hau, jarrera horren isla izan dadila!
Auzoetatik Irun, Auzoetatik Euskal Herria!
Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1116 irakurketak
- Castellano