Ez gaitzatela nahasi, irundar; ultra-eskuina da (I): hiritar-patruilak

Cartel

Bor-Bor Hausnarketa kolektiborako plaza.- Aitortza zintzo bat eginez hasi nahiko genuke: zinez kezkatuta gaude azken ikasturtean Irunen joera arrazistak biderkatzen eta normalizatzen ikusi ditugulako. Eta zintzotasun osoz: ez zaigu batere gustatzen horrek proiektatzen duen Irun; gorrotoz eta biolentziaz beteriko hiririk ez baitugu nahi.

Historikoki harrera-herria izan da Irun, etorkinei irekia eta etorkinekin egina. Hiriaren bizkar-hezur diren langile-auzoak ditugu horren lekuko, baita 2018an irundar andanak sortu zuen Harrera Sarea ere, pasoan den orori lagundu dion ekimen eredugarria. Ezin dugu onartu ultra-eskuinak bere interes politikoen mesedetan hori aldatzea. Ez gaitzatela nahasi, Irunen ez dugu elkarbizitza arazorik, ultra-eskuin taldeen injerentzia baizik.

Gure kezkaren zergatiak azaltzeko, egin dezagun memoria ariketa xume bat.

Ikasturte honetan soilik, jazotako gertakariak dira honako hauek: “Devenir Europeo” taldetxo neonaziaren erasoak nozitu ditugu, atzerritarren denden kontrako erasoen berri izan dugu, aktibista antifaxistek jazarpena sufritu dute, sare sozialetatik “ehiza” deialdiak izan dira Irunen “moroen” kontrako biolentzia sustatzeko asmoz, Zubia gizarteratze zentroaren kontrako ekimen-arrazistak ezagutu ditugu (Telecinco-ren zabor-erreportajea barne), Bidasoan ezarritako muga arrazista indartu egin du Frantziako gobernuak, hamarnaka pertsonak jatorri magrebtarreko pertsona bat jipoitu dutela jakin dugu... eta hori gutxi balitz, Irunen hiritar patruilen sorrera ezagutu dugu.

Ustezko “hiritar-patruilek” aipamen nabarmena merezi dutela uste dugu. Sustatzaileek, orain, diskurtso baketsuagoa erabili arren (itxuraz ChatGpt erabiltzen ikasi dute), Antxeta-Irratiak eginiko erreportajeak agerian utzi ditu: segurtasunaren izenean ari direla dioten arren, arrazakeria zuritu, antolatu eta magrebtarren kontra biolentzia gauzatzeko taldeak dira.

Haien sare soziala, “Lo vi en Irun” esate baterako, magrebtarren kontrako gorroto haztegia da. Modu mespretxagarrian “urdaiazpikoari alergiko” esaten diete magrebtarrei, bideo umiliagarriak zabaltzen dituzte (asko buloak), haiek non akabatuko lituzketen iradokitzen dute, horiek jipoitzeko materialen berri ematen dute (borra-luzagarriak non erosi, esaterako). Gainera, patruilek zabalduriko bideoetan ikusi dezakegu ikur ultra-eskuindarra duten pertsonek, punisher (edo zigortzaile) logoa kasu, jendea jazartzen dutela. Zein eskubiderekin? Batere, bistan da.

Larriagoa dena zera da, modus-operandi hori ezagutzen dugula. Trintxerpen edo Egian ikusi dugu: ultra-eskuindarrek bizilagunen kezkari tiraka Whatsapp taldea antolatzen dute “defenda dezagun gurea” lelo Trumpista erabiliz. Whatsapp-taldea puztu dutenean hura gorrotoz eta buloz betetzen dute, bizilagunak etorkinen, eta bereziki, magrebtarren kontra jartzeko. Giroa berotuta, edozein gertakari nahikoa da txinparta eragin eta “ehiza” arrazista baterako deia egiteko. Kaleko istilu-arrazistak ultra-eskuinaren agendaren mesederako dira. Zergatik? Segurtasun ezaren pertzepzioa areagotu eta ordenaren beharra elikatuz joera autoritarioak indartzen dituztelako.

Manuala idatzia dago, izan ere, hiritar-patruilak ultra-eskuinaren estrategiaren giltzarri nagusia dira: Estatuan, baita Europan ere, segurtasunaren kezka erreala erabiltzen dute hiritar xumeak erakarri eta ideologia arrazista-oldarkorra duten antolakundeetan enkoadratzeko. Kontrakoa dioten arren, haiek, patruilek, segurtasun-eza eragiten dute (inor seguruago sentitzen al da itxura txarreko 15 muskulito bere auzotik modu oldarkorrean patruilatzen ikusten baditu?) eta horrela hauspotzen duten profezia betetzen dute: hain zuzen, kalean segurtasun falta nabaria dela. Horregatik dira horren arriskutsuak; ultra-eskuindarra ez den hiritarra, zu ere, irundar, limurtzera iritsi daitezke, azti ez bazaude.

Irunen hasiak gara arrisku hori nabaritzen: ziur gara, “Lo vi en Irun” taldera lotu diren guztiak ez direla ultra-eskuindarrak. Bestalde, hor dauden bitartean, eta bertan den ideologia ultra zabaltzen duten heinean, estrategia eskuindarraren mesedetan den espazio batean daude. Hor barruan bazaude, borondate osoz eta ez kuxkuxeatzeko bakarrik, ultra-eskuinak erabilia zara, irakurle.

Gauzak argitzen joango dira, ziur, baina azken informazioek Irungo Hiritar Patruilen iturburu ultra-eskuindarra baieztatuko lukete: erabat konfirmatua ez dagoenez, ez ditugu izen-abizenak aipatuko, baina itxuraz, estatu mailako telebista saio-eskuindarretan ohikoa den irundar bat, militar-ohia bera, eta “autodefentsa” zuri eta oldarkorraren ideologoa, Irungo talde hauen atzean egon daiteke. Horrek, bi kontu argituko lituzke, gutxienez: 1) Patruilek izan duten antolatzeko trebezia, zeinak adierazten duen badela organizazio militar-polizialaz dakien norbait atzetik; eta 2) Telecinco-k Iruni eskainiriko tartea. Normala ote da, bizilagun batzuek eduki arrazista duen bideo xume bat sareetara zabaldu eta gero, Telecincok kazetaria bidaltzea Irunera erreportajea egiteko? Zubia gizarteratze zentroarekiko bizilagun taldetxo batek dituen kexen harira gertatu da. Gure ustez ez. Uste dugu badela ezagutzen ez dugun konexio bat, Irun-Madril eta Telecinco bezalako hedabide handiak lotu dituena eta interes partekatuan ari dena: Irunen agenda ultra indartzeko, arrazakeria biolentoa hauspotzeko.

Irundarrok segurtasunarekiko izan dezakegun kezka erreala da, baina ez gaitzatela engainatu, eta konbentzitu gaitezen: eskuinak sortu dituen krisien aurrean, beti izan du estrategia bera: txiroa baztertuta dagoenearen kontra jartzea; edo bestela esanda “azken aurrekoaren eta azkenaren kontrako gerla xaxatzea”. Arrazakeria bide hori urratzen ari da. Horrela egin zuen faxismo historikoak, eta lehengo lepotik burua garai horiekiko nostalgikoak direnak: XXI. mendeko hiritar-patruilak, XX. mendeko squadristi-en alkandora beltzen eguneraketa gaurkotua dira.

Hiritar-patruilei buruz asko hitz egin genezake, eta tamalez egin beharko dugu, baina oraingoz amaitzeko bi gomendio. Lehena, “Los Simpsons” ikusi, hiritar-patruilak antolatzen dituztenekoa. Bigarrena, irakurri Demokrazia Nazionaleko talde ultrako presidenteak, Chaparrok, Irunen jarraitzaileak dituena, bidenabar, bere jarraitzaileei esandakoak. Chaparro Madrileko migratzaileak hartzeko zentro baten kontrako manifestaldian zen hitz hauek oihukatu zituenean: “si ellos forman sus bandas magrebíes, nosotros tenemos el derecho legítimo de crear patrullas ciudadanas, tenemos derecho a defendernos!”.

Chaparrok Blanquerna liburutegiaren kontrako erasoan hartu zuen parte, 2013an. “Vamos a derramar hasta la ultima gota de sangre por un ideal, hay que dirigir las protestas, y radicalizarlas” izan zen bere kideei luzatu zien mezua. Orain badakigu helburu horiek lortzeko bideak direla hiritar-patruilak eta magrebtarren kontrako “ehizak”. Irungo “salbatzaile Trumpistek”, gure hiria defendatuko dutela agintzen duten horiek, antzeko diskurtsoa darabilte, ez bada zuzenean Chaparrori kopiatua.

Baina, galdegin zeure buruari, irundar: zer balizko magrebtar talde dira horiek? Eta zeren aurrean auto-defentsa? Eta bereziki... zer ideal? Auskalo, baina zinez diogu, irundar, ideal horiek ez dira gureak, ezta gure hiriarenak ere. Gainera, eta amaitzeko... inork uste al du, benetan, petoz jantzitako 15 pertsonek, super-ekipatuak diren segurtasun-indarrek baino hobe berma dezaketela hiriko segurtasuna? Erotu egin gara, edo zer?

Gure hirian hau guztia jazotzen ari dela, zein izan da erakunde publikoen erantzuna? Zer ardura-publiko izan du Irungo Udalak honen guztiaren aurrean?

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.