EH Bilduk alderdien interesen aurretik irundarren interesak lehenesten dituen gobernantza aldarrikatu du

Irungo Udaletxea

EH Bildu.- PSEk eta EAJk ezagutzera eman duten Udal Gobernu berriaren prentsaurrekoan, ez dute argitu orain arte izandako desberdintasunak nola bideratu dituzten, eta Irunerako estrategikoak diren gaietan zein posiziotara iritsi diren.

Azken urteetan PSE eta EAJren arteko desadostasunak nabarmenak izan dira, alderdien arteko harremana kaskarra izateaz gain, Irunerako estrategikoak diren gaietan posizio kontrajarriak defendatu dituzte. Hori hala izanik, ustez, irundarren interesen alde egindako akordioaren baitan, desadostasun horiek nola bideratu dituzten eta hemendik aurrera bultzatuko diren neurriak zeintzuk izango diren azaldu ez izanak harritu du EH Bildu, eta herritarrei azalpen horiek zor zaizkiela defendatu du.

EH Bilduren hitzetan, gaur aurkeztu den akordioaren oinarrian ostiralean egingo den udal aurrekontuen onarpena eta udal gobernu berriaren arloen banaketa dago, eta gai estrategikoen dokumentu bat partekatu duten arren, etorkizuneko begiradarik gabeko proiektuen zerrenda burutu dutela adierazi du EH Bilduk.

Atzetik burutu diren edo dagoeneko abian dauden neurrien zerrenda bat adostu da, baina ez du estrategia amankomun bat irudikatzen, ez eta Irunek dituen erronkei erantzuten ere. Zeintzuk izango dira Udal gobernu honen lehentasunak? Zein plangintza diseinatu da gaur egun hiritarrek dituzten beharrei erantzuteko? Zein da Udal Gobernu berri honen hiri eredua? Oinarrizkoa da hau argitzea hiritarren interesen aldeko akordio batera iritsi direla defendatu nahi badute. Aitzitik, ezinbestekoak diren proiektu estrategikoetan paralisi egoera mantentzen bada, akordio honek herritarren beharrei erantzun ez eta beste interes batzuei erantzuten diola frogatuko da.

EH Bilduk, orain arte egin bezala, eta azken hauteskunde deialdietan areagotzen joan garen irundarren konfiantzari jarraiki, hiri honen alde eta bertako herritarren beharrei begira lanean jarraituko du, arduraz eta anbizioz. Irundarrei, hiriak egun eta etorkizunera begira dituen erronken diagnostiko partekatu soila baino zerbait gehiago zor zaiela sinesten dugulako. Eta erronka horiei irundarren mesedetan erantzuteko baliatuko du EH Bilduk gainerako erakundeetan duen ordezkaritza.

Etiquetas: