Soldata eta pentsio duinak, bai horixe! hemen! eta guztiontzat. Gutxieneko pentsioa eta gutxieneko soldata, bidezkoak eta nahikoak. Gutxieneko soldataren adinako gutxieneko pentsioa.
EHPM.- Errebindikazio horiekin, emakume, gizon eta gazteei dei egiten diegu APIRILAREN 5ean Bilbon (17:30ean Jesusen Bihotzetik) Donostian (17:30ean Boulebardetik), Gasteizen (12:00etan Artiumetik) eta Iruñean (18:00etan Baluarteko plazatik) manifestatzera, langile eta pentsiodun guztiei bizi-baldintza duinak izatea bermatuko dien soldata eta pentsio nahikoak eskatzeko.
Pertsona guztiak gara ezinbestekoak; guztion esku dago aberastasunaren banaketa ekitatiboan oinarritutako gizartea eraikitzea, eta guztiok dugu parte hartzeko espazio irekia. Onartezina da finantza eta energia enpresa handiek mozkin errekorrak sortzen dituzten bitartean, gero eta langile eta pentsiodun gehiagok izatea gizartebazterkeriara eta pobreziara eramaten dituen soldata- eta pentsio-sarrerak, eta gero eta gazte gehiagok ikusten dituzte zapuztuta bizi-proiektu autonomo bat egiteko dituzten aukerak.
Adinaren, sexu-aukeraren edo jatorriaren arabera banatu nahi gaituztenen narratiba faltsuak baztertzen ditugu. Guretzat soldatak eta pentsioak txanpon beraren bi aldeak dira eta banaezinak. Jardunean dauden langileek eta pentsiodunek interes eta aldarrikapen berberak ditugu.
Funtsezko borroka da hori, gutxienez soldatetan eta gutxieneko pentsioetan genero-arrakala buka dadin. Biztanleriaren erdiaren, hots, emakumeen aurkako bidegabekeria hori onartezina da.
EAEko Legebiltzarrean pentsioen osagarriaren sistema propioa sortzeko Herri Ekimen Legegilea kontuan hartzea eskatzen dugu eta osagarri hori Nafarroan ere lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea.
Eskatzen dugu Confebask eta CEN delakoa eseri daitezela lanbide arteko gutxieneko soldata, LGS, propio bat negoziatzeko, sindikatuek eskatzen duten bezala, eta hori bermatuko duen arau-esparru bat ere eskatzen dugu.