EH BILDU.- "Barne tramitazioan gertatu diren arazoak direla eta atzeratutako ordainketa hauei lehentasuna ematea eskatzen diogu udal gobernuari".
2024 urteari dagozkion udal diru laguntzak ez dira oraindik ordaindu eta horrek haserrea piztu du euskaltegietan aritzen diren ikasleen artean. Pasa den ikasturtean klaseen aprobetxamendua froga dezaketen ikasleek ordaindutako matrikularen kopurua diru laguntza moduan jasotzeko eskubidea dute. Esan beharrik ez dago, euskararen lkaskuntza sustatzeko neurri esanguratsua dela, bereziki Irunen.
Otsailaren amaieran egindako galdera bati erantzunez, udal gobernuak onartu zuen 2024 urteari dagozkion ordainketak epez kanpo egin beharko zituela. Hori horrela, lehenik aurrekontuaren likidazioa egitea beharrezkoa zela aipatzen zen, gerora atzeratutako hainbat ordainketari aurre egiteko. Horren harira, esan behar dugu dagoeneko 2024 urteko aurrekontuaren likidazioa egina dagoela, hortaz, atzeratutako ordainketei aurre egiteko aukera egon badagoela.
Hori guztia dela eta, udal gobernuari eskatzen diogu diru laguntza hauen ordainketei lehentasuna ematea, eta lehen bai lehen egikaritzea. EH Bilduren ustez, euskara ikasteko hautua egiten duten irundarrek errespetua merezi dute eta udal gobernuari bere betebeharrak lehen bai lehen bete ditzan eskatzen diogu.