Bor-Bor Hausnarketarako plaza kolektiboa.- Udaberriko Eskola Politikoa ari da bere hondarrera iristen; azken saioa datorren ostegunean izango da, ohi bezala 18:30ean Arbesko Toki Alai eskolan. Itxiera saio honetan Unai Apaolaza Amenabar izango dugu gurekin, filosofo eta Ehun kolektiboko militante ohia, euskal estatugintzaren ibilbidea aztertu eta bide berri baten proposamena egiteko.
Burujabetza iraultza: Bide bat Euskal Errepublikara
Alvaro García Linerak Boliviako presidenteorde ohi eta estatuaren inguruko teoriko nagusienetakoak dioen bezala “Estatua gizarte baten kideak lurralde mugatu baten baitan barnebiltzen dituen harreman sozial bat” den heinean, zentrala den auzi bat da ezein mugimendu iraultzaile zein askapenerako mugimendurentzako.
Euskal Herriaren askapenerako borrokan estatuarena aldarrikapen nagusienetakoa izan den arren, ezberdinak izan dira, eta dira, helburu hori lortzeko egiten diren planteamendu eta proposamenak. Hitzaldi honetan Euskal Errepublikara doazen bide diferenteak aztertuko dira. Gai honetan gure arteko eztabaida publikoa derrigorrezkoa dela sinetsita bide bakoitzaren ahulguneak seinalatu eta bide berri bat marrazten saiatuko gara: Burujabetza Iraultza.