“Irungo Udal Gobernuak Alardearen aurrean jarrera ezertan ez hartzeak jaietako berdintasun arazoak betikotzen ditu”

Thania Pazos y Miren Echeveste

PODEMOS Ahal Dugu.- Podemos Euskadiko Feminismo Idazkariak, Thania Pazosek, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak, Miren Echevestek, salatu dute EAJk eta PSEk ez dutela ezer egiten Irungo jaiek berdintasunez garatzeko eta hirian dagoen zatiketarekin amaitzeko.

Udal Gobernuari eskatu diote jarrera alda dezala eta denontzako alarde publiko eta berdinzalea antola dezala: “EAJk eta PSEk ezin dute esan gizarte berdinzale bat nahi dutela eta, aldi berean, emakumeak jaietan baztertzen dituztenen alde jarri”

Podemos Euskadik salatu du EAJk eta PSEk berdintasunarekiko duten konpromiso-falta, oraindik ere ez dutelako ezer egiten Irungo jaietan berdintasuna bermatzeko eta hirian Alardearen inguruan dagoen zatiketarekin amaitzeko.

Podemos Euskadiko Feminismo Idazkari eta Irungo zinegotzi Thania Pazosek eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaile Miren Echevestek salatu dute EAJk eta PSEk berriro ere Alarde baztertzailearen alde egin dutela eta jaietan berdintasunik ez dagoen egoeraren aurrean jarrera pasiboa hartu dutela. Ohartarazi dutenez, jarrera horrek berdintasunaren arazoak betikotzen ditu Irungo jaietan.

Irungo Udaletxean ospatutako prentsaurrekoan, Pazosek eta Echevestek gaitzetsi dute udal gobernuak adierazi izana “aurten ere iaz bezala jardungo duela: hau da, Alarde berdinzalearen alde ezer ez egitea eta Alarde baztertzaileari guztia ematea”. Horregatik, EAJri eta PSEri eskatu diete jarrera birplanteatu dezatela, 180 graduko norabide aldaketa egin dezatela, eta behingoz hirian bizi den zatiketari konponbidea eman diezaiotela, denontzako alarde publiko eta berdinzale bat antolatuz.

Azaldu dutenez, gobernu taldeak eta Irungo alkateak, Cristina Labordak, atzera bota dute Alarde berdinzalearen aldeko eskaera, baita Irunen milaka emakume eta gizonek babestutako eskaera ere, zeinak udalak denontzako alarde baten antolaketa bere gain hartzea galdegiten baitzuten. Urte luzez herritarren ekimenak antolatu duen alarde berdinzalea izan da emakumeen eta gizonen parte-hartze berdina bermatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun Legea betearazteko bidea, Udalaren babesik gabe.

Izan ere, aurreko alkateak jaiak pribatizatzeko erabakia hartu zuen berdintasun legea saihesteko, eta egungo gobernu taldeak bi alardeak parekatzen saiatzen da, jarrera neutralaren itxurapean, berdintasunik gabeko egoera betikotuz. Jadanik 29 urte igaro dira Irungo jaiek berdintasunean eta sexuagatiko bereizkeriarik ezan oinarritutako balioekin bat egiten ez dutela, legeak horretara behartzen duen arren.

“Irunen Alardeekin dagoen arazoa berdintasun arazoa da, eta hori bera adierazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Nerea Isasik, pasadan astean Batzar Nagusietako Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Batzordean”, gogorarazi dute.

Horregatik -azpimarratu dute– “ezin da bateragarritzat jo EAJk eta PSEk martxoaren 8 bakoitzean indarkeria matxistak eta sexuagatiko bereizkeria desagerrarazteko asmoa dutela esatea, eta gero jaietan diskriminazioa babesten duten ekitaldietan parte hartzea”. “Ezin da esan gizarte berdinzale bat nahi dutela, emakumeen

parte-hartzea bizitzako esparru guztietan aldarrikatu, eta gero Irungo eta Hondarribiko jai handietan patriarkatuaren aldeko jarrera hartu eta emakumeak baztertzen dituztenekin lerrokatu”, nabarmendu dute.

Ildo horretan, adierazi dute EAJk eta PSEk, PPrekin batera, azken urteotan beren diskurtsoa modulatu dutela beraiek ‘bi sentsibilitateak’ deitzen dutena aldarrikatzeko, elkarbizitzarako eta bi Alardeak batera existitzeko deiak eginez eta bi erakundeak maila berean legitimatzen saiatuz. Hala ere, gogorarazi dute Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun Legeak eta 2023ko erreformak argi uzten dutela botere publikoak eta horien ordezkariak eremu guztietan berdintasuna sustatzera behartuta daudela, baita jaiegunetan eta oroitzapenezkoetan ere, eta ezin dutela parte hartu sexuagatik diskriminatzen duten ekitaldietan.

Era berean, salatu dute udal gobernuak ez duela soilik berdintasunarekiko konpromisoa betetzen denontzako alarde bat antolatzeari uko eginez, baizik eta EAJ eta PSEko zenbait kide Alarde baztertzailearen aldeko diru-bilketetan ere parte hartu dutela, festa pribatu eta baztertzaile bat finantzatzeko.

Hori dela eta, Eusko Alderdi Sozialistari eta Euzko Alderdi Jeltzaleari eskatu diete behingoz konpon dezatela hiriak bizi duen zatiketa, tokiko zuzendaritzekin bilera egin dezatela eta inor kanpoan utzi gabe, denontzako alarde publiko eta berdinzale bat antolatzeko konpromisoa har dezatela.

Etiquetas: