Larreaundi-Olaberria Auzo Elkartea.- Pasa den urtean, Palestinaren eta Giza Eskubideen aldeko murala egiteko egitasmoa proposatu genuen, tamalez, Udalak ekimena blokatu egin zuen.
Urtebete pasa da, eta Palestinan egoera are jasangaitzagoa da. Ez Palestinan bakarrik, izan ere, Israel Genozidioa gauzatzen ari da munduaren begietara. Dagoeneko 64.000 gora izan dira, gutxienez, erailak, eta Israelek ofentsibarekin, sarraskiarekin eta okupazioarekin jarraitzeko asmoak adierazi ditu. Hori gutxi ez, eta gosetea eragiten ari da Palestinako populazioaren kontra. Inolako aho-bizarrik gabe mintzatu da, azkenean, NBE: GENOZIDIO BATEN AURREAN GAUDE, eta Israel geldiarazi behar dugu.
Pasa den urtean esan genuenez, uste dugu gizarte-eragile ororen erantzukizuna dela sarraski honen aurrean zerbait egitea, ezin gara sorgor bizi. Hasteko, Palestinan erailtzen ari direnengatik, bigarrenik Giza Eskubideen defentsagatik, eta hirugarrenik, eta hor ekin dezakegu guk, gure auzo eta hiriaren balioengatik: elkar-errespetuzko jarrerak nahi baditugu, ezin dugu, inolaz ere, genozidio bat normalizatzen utzi. Berresten dugu, haiengatik eta gugatik, denok dugu sarraski honen aurrean ekiteko betebehar etikoa.
Hori horrela, Udalari pasa den urteko proposamena egingo diogu, berriz. Laburrean honako hau da:
Palestinaren eta bakearen aldeko murala egitea, eta hori, albait modu parte-hartzaileenean egitea, horrela komunitatean Giza Eskubideen aldeko balioak indartuz.
Zinez espero dugu, oraingoan, Irungo Udalak elkartasuna adierazteko beharrarekin bate egingo duela, eta defendatu beharreko giza-balioen defentsan, Palestinaren aldeko murala egiteko oztoporik ez duela jarriko.
Hori horrela denean, irundar denak gonbidatuko zaituztegu, elkartasunez eta margoz, elkartasuna adieraztera.

