Bor Bor hausnarketa kolektiborako plaza.- Iragan ostegunean hasitako zikloari gaur emango diogu amaiera, Avenida zubian, Irun eta Hendaia arteko mugan, hain zuzen, egingo dugun ekitaldiarekin.
Ipurtargien dantzarekin emango diogu hasiera ekitaldiari, Asier Gogortzarekin. Ignacio Mendiolak 'La danza de las luciérnagas: vivir, pasar y morir en la frontera del Bidasoa' ikerketa lanean aipatzen duen moduan, muga dantzatzea bere ustezko mugiezintasunetik, ustezko naturaltasunetik eta inguratu duen jantzi sekuritariotik erauzteko modu bat da. Hala, horren ostean Ignacio Mendiolak berak, Irungo Harrera Sareko eta Bidasoa Etorkinekin eragileko Oihana Galardi eta Eñaut Aramendirekin batera mahai-ingurua osatuko du, ikergai izan duen muga eta etorkinek bertan bizitakoa hizpide hartuta. Amaitzeko, muga igarotzen bizia galdu duten lagunei omenaldia egingo diegu.